Azken bi urtetan bezala, kulturarteko festa edukiz jantzi dute Asteasun. Eguna osatzeko hainbat hitzaldi zein saio berezi antolatu dute; hala nola, urriaren 22an, haurrentzat ipuin-kontaketa: 'Mundua ezagutzeko Ipuinak' (Iñaki Carreteroren eskutik). Urriaren 24an, hitzaldia 'Zurrumurru arrazistei aurre egin', Xabier Aierdirekin. Eta, urriaren 25ean mahai-ingurua 'El Salvador eta nazioarteko kooperazioa' Mikel Arrastoa, Juanma Balerdi eta Pilar Legarraren hitzarteekin. Gainera, urriaren 27an hainbat herrialdetako jatorria duten asteasuarren janari dastaketa izango da eguneko ekitaldi nagusia, beste hainbatekin batera.
Festaren helburu nagusia Asteasun berezkoa duten kultur aniztasuna balioan jartzea da eta festa giroarekin batera, kultur aniztasunaren gaineko gogoeta egiteko aukera eskaintzea. Halaber, arreta berezia jarriko die aurten jendartean gero eta indar handiagoa hartzen ari diren zurrumurru eta aurreiritzi arrazistei, eta hauei aurre egiteko moduak bilatzen ahaleginduko dira.
Aipatutako guztiaz gain, kulturarteko festa aitzakia izaten dute urtero, beste herrialde bateko errealitatera gerturatzeko eta ezagutzeko. Aurten, El Salvador aukeratu dute. Bertako errealitatea ezagutu eta nazioarteko kooperazioak egiten duen ekarpenaz jabetu eta gogoeta egiteko, herrialdea oso gertu eta ondo ezagutzen duten hiru gonbidatu izango dira.
Gaur egun, 150 inguru dira atzerriko jatorria duten Asteasuko herritarrak
Hauetako gehienak helduak dira eta hainbat euskaraz bizi dira, edo euskara ikasteko ahalegina egin dute. Azken bi urtetan, euskara ikasteko oinarrizko mailako taldea osatzea lortu dute; iaz 16 lagunek parte hartu zuten, guztiak atzerritik etorriak. Aurten beste 12 lagunek eman dute izena. Halaber, euskara praktikatzeko 'Euskaraz bixi-bixi' planak antolatu zituzten eta Pello Errota eskolan hizkuntza normalkuntza programa garatzeko prozesuan daude UEMAren laguntzarekin.
Erreportajea Aiurri 657 hamaboskarian irakurgai dago
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.