Josu Txapartegi Aramendi (Zarautz, 1946), Txapas ezizenaz ezaguna, euskal akordeoilari, idazle, abesbatzako zuzendari, organo-jole eta sortzaile oparoa da, Imanol Urbietaren lagun eta kide oso gertukoa izandakoa. Irakasle jubilatua da egun Txapas, nahiz eta ez den heziketa mundutik erretiratu. Hainbat abesti ditu sortuak, eta astero astero egiten die ikasgelara bisita haurrei kontu-kantari. Abesti horien artean “Ostirala iritsi da” da Txapasek sortutako kanturik ezagunena.
Honengatik guztiagatik, lan honekin Katxiporreta Kooperatibak aitortza egin nahi die Txapasi eta berak bezala, egunerokotasunean haien balioak eta bizipenak maitasunez eta ilusioz partekatzen dituzten hezitzaile guztiei.
Ikasturte honetan Katxiporretak eskainiko duen ikuskizunean ez da Aiora Zulaika Soroa “Pirritx” arituko, atsedenaldia hartuko baitu. Abentura berri honetan, urterokoaz gain, artista berri bat taularatuko da taldearekin, Joanes hain zuzen ere. Oso gaztea izanik ere pailazogintzan (Pontx pailazoa) eta aktore lanetan (Go!azen) eskarmentu handia duena.
Aktore lanetan honako lagunek hartuko dute parte:
Porrotx – Joxemari Agirretxe Kerexeta
Marimotots – Mertxe Rodriguez Serrano
Pupu – Izaskun Forcada Pascual
Lore – Joanes Echeveste Bernet
Txapas – Oihana Sanchez Artieda
SINOPSIA:
“Gaur egun berezia da eskolan, Txapas irakaslearen azken laneguna baita. Harekin bizitutako abenturak eta ikasitako gauza polit guztiak ospatzera datoz Pupu, Lore, Porrotx eta Marimotots herriko lagunekin batera. Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako. Txapasekin beti da ostirala! Jantzi sudur gorria eta zatoz gurekin Txapasen kaxa magikoek gordetzen dituzten sekretuak ezagutzera!”