Magunazelaia nagusi, Euskadiko Harri Handien Txapelketan

Aiurri 2024ko abe. 15a, 19:24

Larunbat arratsaldean Euskadiko Harri Handien Txapelketako finala jokatu zen Asteasuko pilotalekuan. Zortzi harri jasotzaile aritu ziren nor baino nor eta ikuskizun ederra eskaini zuten. Urdax Magunazelaia otxandioarra nagusitu zen, alde nabarmena lortuz. Jokin Eizmendi eta Gari Garmendia sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan.

Ia 2000 kg-ko aldearekin lortu zuen garaipena Urdax Magunazelaiak. Teknika eta indar erakustaldia egin zuen eta, ohi duen bezala, bertaratutakoen txaloak eta oihuak piztea lortu zuen.

Zortzi harri jasotzaile gereturatu ziren atzo Asteasuko pilotalekura;  Urdax Magunazelaia, Jokin Eizmendi, Gari Garmendia, Xabier Aranburu, Imanol Royo, Sergio Mielgo, Stepan Tsirkin eta Gorka Etxeberria. Ikuskizun ederra eskaini zuten guztiek ere.

Stepan Tsirkin siberiarrak ez zion nahi bezalako hasiera eman probari. Harria atzekaldera erori, eta guztiz hautsi zitzaion. Jokin Eizmendiren harria zen eta, probatik atera zuen gertakariak. Berea ez zen harri batekin egin behar izan zuen lan Eizmendik, eta 7 altxaldi ematea lortu zuen. Gertaerak gertaera, bigarren postuan sailkatzea lortu zuen zarauztarrak.

Hirugarren eta laugarren postuen arteko lehia estua jokatu zuten Garmendiak eta Aranburuk eta, azken proban lortu zuen Garmendia gazteak podiumean sartzea.

Aranburu, Royo, Mielgo, Tsirkin eta Etxeberriak osatu zuten sailkapena, hurrenkera horretan.

Giro ederra sortu zen Usarrabi pilotalekuan. Harmailak zaletuz bete ziren eta gozatua hartu zuten kirolariek eskainitako ikuskizunarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!