1930 urtean jaio zen Joxe Antonio Lopetegi, Azpeitiako Agerre-haundi baserrian. Tiburtzio eta Martzelina bere gurasoek, hamaika seme-alaba izan zituzten, horietako zortzi, mutilak. “Sasoiko mutilak ginen denak ere, eta horregatik, Indarretxe deitzen zioten gure etxeari. Aita zenak ere bazuen marka bat; bostehun kiloko zama bizkar-gainean hartu eta hirurehun metroko bidea oinez egin ondoren, bost eskailera igo zituen. Nire anaietako bat berriz, Luis, harri-jasotzailea izan zen, Agerre I. Oso harri-jasotzaile ona izan zen hura ere”.
2015ean Aiurrin argitara emandako artikulua berreskuratu dugu, okasiorako.
Lehen apustua
"Jendea nire berri izaten hasi zen eta herri kirolen munduan sartu nintzen"
Hemezortzi urte zituela jokatu zuen Agerre IIak bere lehen apustua. Joxe Mari Aranguren izan zuen aurkari. “Lehengusua nuen Joxe Mari. 100 kiloko harria altxa, bi enbor aizkoraz ebaki, eta lau kilometroko korrikaldia egitea zen egin beharreko proba. Ni baino hiru urte zaharragoa zen hura, eta neska baten gora-beheran bota zidan erronka. Erraz irabazi nuen apustu hura. Bolada batez, oso haserre ibili ginen elkarrekin, baina gerora, urak bere onera etorri eta ondo moldatu izan ginen bi lehengusuak”. Apustu haren harira hasi zen Joxe Antonio herri kirolen munduan barneratzen: “Basarri bertsolari eta kazetari lanetan ibiltzen zen. Apustuaren ondoren, sekulako kronikak idatzi zituen nire inguruan, etorkizun handiko kirolaria nintzela esanez. Jendea nire berri izaten hasi zen eta herri kirolen munduan sartu nintzen”.
Eibarko okindegi batean hasi zen lanean Joxe Antonio. “Ogia egiten eta banatzen aritzen nintzen, baina baita estraperloan ere. Diru asko irabazi nuen, baina baita arriskuak hartu ere. Trenean ibiltzen nintzen batera eta bestera, eta argi ibili behar izaten nuen poliziekin. Oraindik ere begien aurrean ditut bigote txiki haiekin ibiltzen ziren poliziak. Behin baino gehiagotan egokitu zitzaidan trenetik martxan salto egin beharra ere”, dio Joxe Antoniok umoretsu.
Harri-jasotzaile gisa, erakustaldi asko eman zuen Joxe Antoniok, askotan baita egunean bi ere: “Hamazazpi egunetan hogeita zazpi erakustaldi ematera iritsi nintzen. Iñaki Perurena izango da nik baino erakustaldi gehiago egin dituen bakarrenetakoa. Batetik bestera ibiltzen nintzen beti. Gaztetan, motoan egiten nituen joan-etorriak eta furgoneta batean eramaten zizkidaten harriak”.
Oraindik ere ederki gordeta dauzka Joxe Antoniok erabilitako harriak. Museo txikia osatu du etxean harri horiekin. Aimar Irigoien harri-jasotzaileari utzi berri dio haietako bat: “Manterolak eta Soartek marka ezartzeko erabili zuten harri hura nik erositakoa zen. Duela gutxi etorri zitzaidan Aimar Irigoien harri horren eske, marka hautsi nahi zuela eta. Aimarren mailako kirolari bati ezin nion harria ukatu, eta halaxe eraman zuen. Marka ontzea lortu zuen San Tomas egunean”.
Marka handia
"Laurogei kiloko mutila nintzen, baina indartsua; muskulu hutsa. Berezkoak nituen indarra eta nerbioa"
Donostiako zezen-plaza zaharrean hautsitako marka ikusgarria oraindik ere Joxe Antonioren eskuetan dago. “Hamazazpi mila pertsona bildu zen egun hartan; ikusgarria izan zen. Orduan ez zen ia beste kirolekiko zaletasunik hemen; herri kirolak ziren nagusi, eta jendetza handiak mugitzen ziren haien inguruan. Hogeita bi altxaldi eman nizkion minutu batean 100 kiloko harri zilindrikoari. Oraindik ere nirea da marka hura. Laurogei kiloko mutila nintzen, baina indartsua; muskulu hutsa. Berezkoak nituen indarra eta nerbioa; eta erraz jasotzen nituen harriak. Kirol guztietarako nintzen abila, baita pilotan ere”.
Garai hartako harri-jasotzaileen elikadura ere hartu du ahotan Agerre IIak. “Astakeria izugarriak egiten ziren. Harria jaso behar zuen mutilari bi kilo txuleta eta bi dozena arrautz ematen zizkioten eta hori ez zen batere ona. Nire prestatzaile taldeak ere bide horretatik joan nahi zuen; ez baitzen besterik ezagutzen. Ni, ordea, ez nintzen batere ondo sentitzen horrenbeste janda, eta harria jasotzen jarraitzekotan elikadura aldatu egin behar nuela esan nien. Asko irakurri nuen kirolarien elikaduraren inguruan eta garbiago jaten hasi nintzen. Nire emaitzak izugarri hobetu ziren denbora gutxian”.
Alkate garaiak
"Francoren garaian alkate izatea ez zegoen ondo ikusia. Haren aldekoa nintzela esaten zuen jende askok, nahiz eta hori ez den horrela"
Asteasuko alkate ere izan zen Joxe Antonio sei bat urtean. Ez du, ordea, garai hartako oroitzapen goxo askorik gorde. “Pertsona ezaguna nintzen, eta Francoren garaian alkate izatea ez zegoen ondo ikusia. Haren aldekoa nintzela esaten zuen jende askok, nahiz eta hori ez den horrela. Urte zailak izan ziren niretzat. Lasaitu ederra hartu nuen alkatetza uzteko aukera izan nuenean”, azaldu du Joxe Antoniok.
Jatetxe ezaguna ere izan zuen Joxe Antonioren familiak Asteasun bertan. “Lan asko egin genuen eta zortea ere izan genuen, urte onak harrapatuta. Industria bolada onean zegoen hemen eta enpresa-gizon asko etortzen zen gurera. Asko zaindu beharreko negozioa da jatetxearena eta buru-belarri aritu ginen horretan. Duela urte mordoska bat, beste bizimodu bati ekin eta jatetxea ixtea erabaki genuen”.
Semeak ere kirolari
"Seme-alaba zintzo eta langileak ditut, eta oso harro nago horretaz”
Lau seme-alaba ditu Joxe Antoniok. Horietako bik, ibilbide oparoa egin dute kirol munduan, baina ez dute loturarik izan herri kirolekin. “Bi mutil eta bi neska izan nituen. Bi mutilak, Joxean eta Julen, kirolari apartak izan dira. Joxean pilotaria, erremontista; eta Julen, berriz, atezaina. Ibilbide oparoa egin dute biek ere kirolean. Seme-alaba zintzo eta langileak ditut, eta oso harro nago horretaz”, gaineratu du.
Laurogeita lau urte ditu Agerre IIak, baina oraindik ere bere-bereak ditu sasoia eta grina. “Askotan galdetzen didate 100 kiloko harria altxatzeko gai ote naizen. Ez dut zalantzarik ere egiten; erraz altxatuko nuke. Osasun oneko gizona izan naiz beti, eta mendean hartuko nuke 100 kilokoa”.
Asteasuko alkate zela
Joxe Antonio Lopetegi Asteasuko alkate zen garaian telebistarako elkarrizketa egitera etorri zitzaizkion. “Kale Nagusian barrena hartu zituzten lehen irudiak eta baita udaletxeko bulegoan ere. Jatetxean, parrillako lanetan ari nintzela ere hartu zituzten zenbait irudi. Ondoren, plazara jaitsi eta harri ezberdinak jasotzen grabatu ninduten, baita harria gainean nuela adierazpenak eskatu ere. Ikusmin handia sortu zen eta plaza jendez bete zen egun hartan. Kazetariak galdetu zidan zein pisu altxatzea nuen gustukoen, eta ez nuen zalantzarik egin; alaba bixkiak esku banarekin hartu eta argazkiak atera zizkidaten. Argazki horiek ondo gordeta dauzkat etxean. Donostiako zenbait tabernatan ere argazki horiek zintzilikatuta dauzkatela esan didate”.