Siemens Gamesaren aldi baterako erregulazio espedienteak Asteasuko lantegiaren %80ari eragiten dio

Aiurri 2024ko abe. 23a, 19:32

Argazkia: LAB sindikatua

Siemens Gamesak aldi baterako erregulazio espedientea proposatu die sindikatuei, eta erabakiak bete-betean hartu du Asteasuko lantegia. Ibilbide oparoa eta egonkorra izan du, eta egun hauetan ziurgabetasun egoeran murgildu dira bertako langileak. 

Erabaki larriaren sorburua zein zen jakite aldera, Enpresabidea atari digitalak eman du gakoetakoa: "Konpainia alemaniarrak galerak izan ditu azken hilabeteetan, hainbat matxuraren ondorioz eskaera batzuk ezeztatu behar izan baititu. Hala justifikatu du enpresak proposatu berri duen aldi baterako erregulazio espedientea. Azpimarratzekoa da enpresak Asteasun duen plantan izango duen eragina. Izan ere, bertan jarduten duten 200 langileetatik %80k jasango luke erabakia. Siemens Gamesak egun bederatzi lantegi ditu Espainiako estatuan, eta horietatik lau kokatzen dira Hego Euskal Herrian: Zamudion, Sarrigurenen, Mungian, Asteasun eta Arazurin".

Aldi baterako erregulazio espedientearen harira, LAB sindikatuaren adierazpena

Negoziaketa prozesu neketsu eta zaila izan dela dio sindikatu abertzaleak. Eta aldi baterako erregulazio espedientean ekarpenak egin dituela adierazi du: "Erregulazio espedientea murriztu dugu, bi urteko hasierako proposamenetik urte eta erdira, eta eguneko soldataren %85era arteko gehigarria lortu dugu. Horrez gain, azpimarratzekoa da urte honen amaieran amaitzen zen enplegu bermeko akordioa 2027ko abenduaren 31ra arte luzatzea adostu dela".

Asteasuko udala Siemens-Gamesako zuzendaritzarekin eta Langile Batzordearekin bilduko da

Hori adierazi du Asteasuko Udalak, ohar bidez: "Siemens-Gamesa lantegiak hartutako erabakiak kezka eta ezinegona sortu du Asteasun eta eskualde osoan. Sortutako egoera horren aurrean Asteasuko udalak erabaki du Siemens-Gamesako zuzendaritzari bilera eskatzea. Udalak enpresaren asmoak ezagutu nahi ditu, aurrera begirako zein egitasmo duen, zein aurreikuspenekin jokatzen duen eta plantaren etorkizuna nola ikusten duen. Bestetik, Langile Batzordearekin ere bilduko da lan erregulazioaren xehetasunak ezagutzeko eta erregulazio horrek iraun dezakeen urte eta erdiko epealdi horretan udalak egin dezakeenaz langileekin partekatzeko". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!