Herri-kirolen munduan plaza preziatua izan da Asteasu betidanik, eta izaten segitzen du, oraindik ere.
Urrutira gabe, sona handiko herri-kirolen jaialdiak ospatu ziren joan den abenduan. Euskadiko Harri Handien Txapelketa zortzi harri-jasotzailerekin hilaren 14an, eta, halaber, Urrezko Aizkolarien Koparen eta Binakako Harrijasotze Txapelketaren finalak, hilaren 31n.
Joxe Anjel Sarasola kirol-eragile eta aurkezleari zor zaio, hein batean, Asteasu herri-kirolen hiriburu bilakatzea maiz. Berak ezagutzen ditu beste inork ez bezala, halako ekimenek herri txiki batera erakarri eta antolatzeko gainditu behar izaten diren zailtasunak.
Etengabeko borroka, lortutakoari eusteko
Urtez urte, jaialdi guztien aldeko “borroka” egitea egokitzen dela aitortu du Sarasolak. Horrela, herri-kirolen federazioak antolatzen duen Harri Handien Txapelketaren azken urtetako ibilbideari begira jarri da Sarasola. “Galbidean zen orain 15 bat urte. Oker ez banago, urte batean ez zen egin, eta, hurrengo urtean, 2012an, gutxienik lau parte-hartzaile behar zirela-eta, hiru lotu, eta hor ekarri genuen Ostolaza, mina hartuta zegoen arren. Aimar Irigoienek irabazi zuen, aisa, orduko hartan. Jende mordoxka bildu zuen txapelketak, eta segitzera animatu gintuen”. Azpeitia (2019) eta Aia (2020) kenduta, Asteasun egin dira gainerako finalak, hartaz geroztik.
Harri handiekin lehian ariko diren harri jasotzaileak topatzeko urtero egin behar diren ahaleginak ahalegin, poztekoa da lortu duen sona azken urtetan. Zortzi parte-hartzaile izan ditu aurtengo edizioak. “Jendea mugituko duten pizgarria" edo “gantxuak” behar izaten dira, eta 89 kiloko Gorka Etxeberria 200 kilo harria altxatzen edo Siberiako harri-jasotzailea (Stepan Tsirkin) izan dira aurtengoak, batik bat. Oso prestatuta ez zegoen siberiarra ekarri izanagatik egindako kritikak onargarriak dira, baina iruditzen zait komenigarria izaten dela halako apustuekin ere arriskatzea”.
Poza ere ezin du ezkutatu Sarasolak, Urtezaharreko Urrezko Aizkolariak sariketak Asteasun egin duen ibilbidearekin, 2004az geroztik egin baita bertan, txapelketa antolatzen duen enpresak (Egursport) hala erabakita.
Lorpenak lorpen, kezkati agertu da bi abendu oro herri-kirolariek eta zaleek Asteasun izaten duten hitzordu bikoitzaren gainean. Alde horretatik, etorkizuna kolokan egon litekeela uste du Sarasolak. “Aldaketa dator federazioaren zuzendaritzan, eta ikustekoa dago berriek zein irizpiderekin jokatuko duten, eta nola ikusiko duten Asteasu plaza finkoa izaten segitzea harri handiekin. Bestalde, Urrezko Aizkolarien kasuan ere zer esan, Luis Mari Bengoa ere jubilatzera doa aurten...”.
Are gehiago, zorrotz mintzatu da Sarasola: “Zoragarria izaten da Usarrabiko harmailak herri-kirolekin gozatzen duten zalez lepo ikustea eta belaunaldi berriak ere badatozela ikustea. Hori da Asteasuk daukan baliorik handiena, eta ez da gutxi, izan ere, zenbat tokitan egokitu izan da pertsona gehiago zenbatzea kantxan, harmailetan baino! Baina, biharko egunean, ez dakit nongo instituzio batek diru mordoa jartzen badu, ez dakit nora eramateko jaialdi horiek... Akabo gureak!”.
Herri-kirolen etorkizuna
Herri-kirolen etorkizunaz galdetuz gero, hasteko eta behin, Euskal Herrian, eta baita Asteasun ere, euskaldunen tradizioan errotutako kirolak gazteen artean sustatu eta txapelketak eta jaialdiak antolatuko dituzten klub gehiago nahiko lituzke Sarasolak, beste hainbat kirolek, pilotak, futbolak, saskibaloiak... dauzkaten eran.
Itxaropenari ate txikia ireki nahi izan dio ikuspegi ezkor horri, nolanahi ere. “Garaiak aldatzen ari dira, eta lege berriekin, hemendik pare bat urtera, premiazkoak izango dira klubak. Lehian parte hartu nahi duten kirolariek klubetan izena emanda egon beharko dute, klub horiek prestatzaile tituludunak beharko dute eduki, e.a. Errealitate horren eskutik joan beharko luke herri-kirolen etorkizunak. Frogatua dago Ostolazaren edo Izetaren harri-jasotzaileen eskolek zenbateko arrakasta daukaten; bestalde, Gernikan, orain gutxi, herri-kiroletan sakontzeko egundoko eskola (Sustabiz herri-kirol Zentroa) ireki dute”.
Nolanahi ere, Sarasolak ez dauka oso argi hortik joko duen herri-kirolen munduak. Batetik, sokatira kenduta, nahiko indibidualak izan dira gainerako herri-kirolak, beti. "Aurkari edo etsai gisa ikusi izan da lehiakidea (ni ere hori bizitutakoa naiz); hil ala biziko desafioak jokatzea izan da normalena...”.
Bestetik, administrazio publikoen inplikazio askorik ere ez du sumatzen. “Euskal Herria, nortasun propioko herria izaten segi nahi bada, eta ez erori mundu mailan gertatzen ari den uniformizazioan, bada orduan, zenbait kultur eta kirol adierazpide aparte zaindu beharko lituzkete, bertsolaritza, trikitixa, dantzak, herri-kirolak... Eta egia esatera, halako apustu sendorik ez dut ikusten”.
Sarasolak ohartarazi du lehia ofizialak dauzkaten hamabi bat herri-kirolak, denak batuz gero, federazioko ehunka fitxa baizik ez dituztela zenbatuko.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 663 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.