Duela zenbait urte sortutako hausnarketa batek abiarazi zuen Asteasuko Euskaraz Bixi-Bizi ekimena. Patxi Otegi herritarrak eman ditu azalpenak: "Azken urteotan herrira iristen joan diren atzerritarrek euren artean elkartzeko joera zutela ikusi genuen. Bakoitza bere jatorrizko herrialde bereko jendearekin elkartzeko joera zuten, bertakookin gehiegi harremandu gabe. Joera hori ikusita, Xirimiri kultur elkartean hausnarketa egin genuen, gure artera gehiago erakarri edo integrazioa hobetzeko eman beharreko pausuen inguruan". Udalean ere bazen gaiaren inguruko kezka, eta indarrak batuta, ekimenen bat abiarazteko lanean hasi ziren.
Mundu bat Asteasun
Mundu bat Asteasun ekimenak forma hartu zuen modu horretan. Udalak, Xirimiri elkarteak eta herriko beste hainbat eragile ari da bertan lanean. Herritar guztien arteko elkarbizitza sustatzeko helburuz sortu zen, eta hiru arlo ezberdin lantzen dituzte gaur egun: Harrera, euskara eta kultura. "Urtean zehar euskararen inguruko ekimen ezberdinak antolatzen ditugu. Batetik, AEK-k herrian eskaintzen dituen euskara ikastaroetara joatera animatzen ditugu herritar berriak. Iaz 12 pertsona aritu ziren ikastaro horietan eta, aurten zortzikotea ari da".
Euskara eta aisialdia
Bestelako ekimen batzuk ere antolatzen dituzte urtean zehar. "Irteera bat izan zen lehendabiziko. Plazatik oinez abiatu eta Otabardi aterpetxera joan ginen. Bidean zenbait geldialdi egin genuen, euskarazko hitzak eta esamolde txikiak azaltzen joateko. Zenbait familia animatu zen parte hartzera eta oso ekimen polita izan zen. Otabardira iritsita, kantu saioa eta talo jatea ere egin ziren. Gozamenerako egun polita izan zen".
Datozen ekimenak
Datozen asteotan bi ekimen abiaraziko dituztela iragarri du taldeak. Batetik, joskintza ikastaroa egingo dute Lizardi etxean. "Joskintza tailerra euskarazko hitzak erakutsi eta pixka bat trebatzeko aitzakia bat izango da". Martxoaren 15, 22 eta 29an, bi orduz elkartuko dira hari, oihal, jostorratz eta josteko makinen artean, euskarazko hitz batzuk ikasi eta elkarren arteko harremanak sendotzeko helburuz. Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera, Kultur Etxean.
Dantza latinoen ikastaroa ere egingo da, martxoan hasita. Izen-ematea zabalik dago, kiroldegian.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 665 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.