"Korrikalari prestatuak bezainbat herrikoiak nahi ditugu zaindu"

Xabier Lasa 2025ko mar. 9a, 20:00

Aritz Segurola kirol prestatzailea, antolaketa lanetan dabil egunotan. aiurri

Anttine Trail Kronoigoerak hirugarren edizioa ospatuko du martxoaren 16an. Anttine elkartea buru-belarri dabil prestaketa lanetan, eta korrikalari ugarik eman du izena jada. Aritz Segurolak eman ditu azalpenak:

III. Anttine Traileko korrikalariak Iturriotzetik abiatuko dira banaka-banaka, 45 segundoko aldearekin, eta Hernioko tontorrean amaituko dute lasterketa, lau kilometroko ibilbidea eta 482 metroko desnibela gainditu ostean.

Aurtengo edizioak berrikuntzarik ba al dakar berarekin?

Ederki funtzionatu du aurreko bi urtetan, eta ez dugu egokia ikusi aldaketa sakonik ezartzea. Izatekotan ere, larunbatetik igandera atzeratzea izan liteke aldaketarik nagusiena. Izan ere, beste bi lasterketa badira antolatuta inguruan larunbaterako, eta ez genuen nahi bat egin zezaten. Ez dugu uste eragin kaltegarririk izan dezakeenik egunaren aldaketak, baina probatzea izango da. Lasterketak erakargarritasun ugari ditu, eta korrikalari askorengan errotzen ari dela ematen du. Izena emateko epea ireki eta egun gutxian, 70tik gora korrikalaritik emana zuten izena.

Lehenbiziko edizioan 80 dortsal jarri genituen, eta denak agortu zitzaizkigun. Iaz 100 dortsal, eta berdin. 125era igo dugu aurtengoan...

Makina bat mendi lasterketa badira Euskal Herrian. Zer dauka, bada, erakargarritik kronoigoera honek?  

Alde askotatik dela erakargarria esango nuke. Hasteko, kronoigoerako formatu honekin, erlojuz kontrako estiloan egiten den bakarrenetakoa da mendi-lasterketen panoraman; bertikalak izan daitezke gerturatzen direnak pixka bat. Eta hori gogoko dute askok. 

Hernio inguratzen duten herrietako gazteei, eta Asteasukoei batez ere, nahiko gertukoak egiten zaizkigu Iturriotz, Zelatun, Hernioko tontorra eta inguru natural guzti hori, maiz egin izan baititugu elkarren kontrako apustu eta indar neurketak bizikletan eta korrika. Bestalde, eta paraje horiek aipatuz gero, kontuan hartzekoa ere bada zenbateko esanahia daukaten Euskal Herriko mendizale eta kirolzaleentzat.

Azkenik, aipatuko nuke eliteko korrikalariei bezainbesteko arreta jartzen diegula herrikoiei, eta filosofia hori ere eskertzen dute askok, bigarrengo taldekoek batez ere.

Zelatunen egin behar al duzue sari-emate ekitaldia, beste urtetan bezala?

Bai. Parte-hartzaileen motxilentzat kontsigna jarriko dugu Zelatunen, eta bertan, Antonioren Bordan, festa txikia egingo dugu. Sari-emate ekitaldiari erromeria-giroa erantsiko diogu, eta horretarako, Mattin Aizpitarte trikitilaria prestatu zaigu. Kirola eta mendizaletasuna gogoko dituen edonorentzat goiz polita izango da, Iturriotzetik gora abiatu eta bidean topatuko dituen kronoigoerako parte-hartzaileekin eta ondorengo festa txikiarekin. 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 666 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!