Martxoaren 23an, eguerdi aldera espero du bere erronka amaitzea. Asteasun jarri du hitzordua, 12:00-13:00ak bitartean.
Donostiako Boulevardetik abiatuko naiz, martxoaren 21ean, iluntzeko 20:00etan
Gipuzkoari itzulia egingo diozu korrika. Nola bideratuko duzu?
Donostiako Boulevardetik abiatuko naiz, martxoaren 21ean, iluntzeko 20:00etan. Uliatik Pasai Antxora, Lezo, Jaizkibel, Hondarribia, Irun, Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Orio, Zarautz, Zumaia, Deba, Elgoibar, Mendaro, Bergara, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Alegi, Tolosa... Asteasuraino iritsi arte. Mendiko bideetatik egingo ditut zati batzuk, pistaz beste batzuk eta errepideko zatiak ere izango dira.
Zein da helburua?
Helburu hirukoitza du erronkak: Fibromialgiari ikusgarritasuna ematea, ikerketaren aldeko aldarrikapena egitea, eta ikerketara bideratzeko diru pixka bat lortzea. Ibilbidean zehar postua jarriko dute nire taldekideek, gaixotasunaren inguruko informazioa zabaltzeko; Lasarten, Deban, Elgoibarren, Tolosan, Villabonan eta Asteasun izango da hori. Puntu horietan geldialdia egingo dut nik, zerbait jan eta edateko. Nire sare sozialen bitartez jakinaraziko ditugu iritsiera orduak. @piratagarcia gisa aurkituko naute Instagramen eta Youtuben.
Noiz hasi zinen erronka prestatzen?
2024ko abendurako aurreikusita genuen berez, baina arazo batzuk izan genituen eta ezin izan genuen gauzatu. 2024ko ekaina alderako hasiak ginen prestaketa lanak egiten. Prestakuntza fisikoaz gain, antolaketa lan handia ere eskatu digu.
Prestaketa fisikoa 2024ko urtarrilean hasi nuen. Orduantxe hasi nintzen kirol-erronka ezberdinak egiten eta, geroztik ez dut geldialdirik egin. Half distantziako triatloia amaitu ondoren eutsi nion Gipuzkoako birarako prestaketa berezia egiteari. Xabier Irazurekin aritu naiz bereziki, hark laguntzen dit entrenamentuak bideratzen. Aritz Segurolarekin, bestalde, indarra landu dut. Bien artean ikaragarrizko laguntza eman didate erronkari aurre egin ahal izateko.
Gipuzkoari bira emango diozu korrika, nolakoa izango da logistika?
Nire atzean lagun talde eta familiako kide asko dago, antolaketan laguntzeko prest. Guztia aurrera atera ahal izateko hogeita hamar pertsona inguru arituko da lanean. Furgoneta batean izango dugu elikadura egokia egiteko behar dudan guztia, eta 8-15 kilometroro elkartuko gara. Nire laguntzaileek behar duten guztia ere furgoneta horretan izango dugu. Bestalde, esan bezala, informazio puntuak jarriko ditugu zenbait herritan eta horietan ere jendea arituko da lanean. Lagun talde ona daukat, eta haiei esker egingo dut aurrera.
Ekimena aurrera ateratzeko, laguntza ekonomikoa jaso dut eta oso eskertuta nago, izan ere, erronkak hainbat gastu ekarri ditu. Batetik, enpresa batzuen diru-laguntza jaso dut (GAHP, Stern, Casa 887, Fincas Cerezo, Decathlon, AAA coaching and mentoring, Eroski eta Oria Sport wear) eta bestetik, Gipuzkoako komertzioetan ere harrera beroa jaso du erronkak. Beraiei esker lortu dugu ia gastu guztiei aurre egiteko behar genuen dirua. Bidean aurkituko ditudan herrietako udalei eta bertako langileei ere eskertu nahi nieke, honetan sinesteagatik eta laguntza emateagatik. Bestalde, cronwfunding kanpaina ere zabalik da. Erronka amaituta geratzen den dirua ikerketara bidaliko dugu.
Asteasuko plazan amaituko duzu erronka, martxoaren 23an.
Bai, 12:00ak eta 13:00ak artean iristea espero dut. Festatxoa egingo dugu bertan. Informazio puntua jarriko dugu, hitzaldi bat eskaini eta horrez gain, musika, pintxoak eta edariak ere izango dira aukeran. Polita izango da.
Fibromialgia ez da oso ezaguna...
Jende askok duen arren, ez da ezaguna, ez. Gaixoek asko sufritzen dute ez dituztelako ulertzen. Zenbait sendagilek ere ez dakite asko gaixotasunaren inguruan eta hori zaila da gaixo dagoenarentzat. Frustrazioa, antsietatea, depresioa... ekartzen ditu fibromialgiak. Hemendik indar guztia bidali nahi nieke gaixotasuna dutenei eta, eskerrak eman urte guztian zehar erronka honetan sinestu dutenei.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 667 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.