Erronka beteta, hunkituta iritsi da Beñat Garcia Asteasura

Aiurri 2025ko mar. 23a, 13:36

Gipuzkoako itzulia eginda, Asteasuko plazan helmugaratu da Beñat Garcia gaztea. Jendetza zuen zain eta omenaldi goxoa jaso du bertan. Etxekoak eta lagunak besarkatuta, hunkituta agertu da Beñat Garcia. Helburu hirukoitza zuen gazteak: kirol erronka betetzea, fibromialgia ikustaraztea eta ikerketarako dirua lortzea.

Ostiral iluntzean abiatu zen Beñat Garcia Donostiatik. Berrehun kilometro baino gehiago egin ditu korrika jarraian eta, gaur eguerdian iritsi da Asteasura. Pozik eta hunkituta iritsi da, gerturatu direnekin oso eskertuta eta fibromialgiaren inguruko aldarrikapena lau haizetara zabalduz.

Ordu luzetako kirol erronkan momentu zailak izan dituela aitortu du: "Antzuolatik Zumarragarako bidean, Irimoko bidean oso momentu txarrak pasa ditut. Ordiziatik aurrera era une gogorrak izan ditut. Bidea ondo ezagutzen nuen eta banekien zenbat falta zen. Ez zait erraza egin hori kudeatzea".

Momentu politak ere izan ditu, noski: "Orokorrean oso ondo sentitu naiz, gustora. Eguraldia ere uste baino hobeto portatu da. Tolosa inguruan jendetza gerturatu da eta handik Asteasurako bidea jende askorekin batera egin dut. Banekien Asteasun zerbait prestatuta zutela, baina ez nuen horrenbeste jende espero eta asko hunkitu naiz. Oso polita izan da".

Fibromialgiaren inguruko hitz batzuk ere egin ditu. "Gisa honetako gauzak eginez pausoak eman daitezke. Jendeari esan nahi diot enpatia gehiago izan dezatela fibromialgiarekiko. Ikusten ez den gaixotasuna da eta ez dakigu jendea zenbat sufritzen ari den". Gaixotasunari ikusgarritasuna ematea zen Beñaten erronka nagusia eta bete egin du. Datozen egunetan atseden hartzea egokituko zaio, datozen erronketarako pilak kargatu ahal izateko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!