Harrerarako prozedura diseinatu dute Asteasun

Ainhoa Gil 2025ko api. 4a, 11:00

Martxoaren 27an egin zuten harrera prozedura eta gidaren aurkezpen ekitaldia. Aiurri

Atzerritik etorritako herritar berriei harrera egiteko prozedura diseinatu du Mundu Bat Asteasun ekimenak. Harrera gida ere prestatu dute. Jatorri atzerritarra dutenen iritziak bildu dituzte, haien beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko

2022an jarri zuten martxan Mundu Bat Asteasun ekimena, bi helburu nagusirekin: atzerritik datozen herritar berriei harrera komunitarioa antolatzea, eta herrian kultur aniztasunean oinarritutako elkarbizitza komunitarioa sustatzea.  Harrerarako prozedura prestatzen eman dituzte azken hilabeteak eta, martxoa amaieran egin zuten aurkezpen ekitaldia.

Hogeita hamar nazionalitate

Martxoaren 27an Asteasuko udaletxean egindako agerraldian aurkeztu zuten harrera prozedura berria. Pili Legarra Asteasuko alkateak hartu zuen hitza: "Gaur egun, hogeita hamar nazionalitate ezberdinetako herritarrak ditugu Asteasun bizitzen eta horrek bultza gintuen 2022an Mundu Bat Asteasun elkartea martxan jartzera. 2024-2025 ikasturtean, ekimen horretakoko Harrera Taldeak atzerritar jatorriko pertsonei harrera egiteko prozedura landu du. Asteasura bizitzera datozen atzerritar jatorriko bizilagun berriak erdigunean jarriz, gizartearen erantzukidetasunean ere arreta jartzen du prozedura honek". Prozedura hau garatzeko, Tolosaldeako Esparru Protokoloaren erreferentzia hartu dutela gaineratu zuen Legarrak.

Harrera egiteko prozeduraren beharraren inguruan, hala azpimarratu zuen Pili Legarrak: "Inmigrazioa integratzeko politika publikoak lantzea konpromiso politiko eta sozial baten adierazpena izateaz gain, toki erakundeen berezko eginkizuna ere bada".  

Taldekideak

Mundu Bat Asteasun taldearen nondik norakoak azaldu zituen Alaskan jaiotako Ashlyn Simmons herritarrak: "Mundu Bat Asteasun taldeko Harrera Taldean herriko bizilagunak aritzen gara, bai jatorriz asteasuarrak direnak, baita atzerritik etorritakoak ere. Asteasuko Udaleko ordezkari politikoak zein teknikariak ere taldekide dira eta baita Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun arduradunak ere. Harrera egiteko prozedurarako Elhuyarren aholkularitza jaso du Harrera Taldeak eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza ere". Guztien artean landu dute harrera prozedura.

Gida

Prozedura garatzeaz gain, harrera gida ere prestatu dute. Atzerritar jatorriko herritarrekin batera landu dute harrera gida, haien beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko asmoz. "Lau hizkuntzetan kaleratu da: euskaraz, gazteleraz, arabieraz eta frantsesez. Atzerritik iristen direnek, erroldatzera gerturatzen direnean jasoko dute harrera gida", azaldu du Legarrak. 

Apirilaren 5ean, bilera

Mundu Bat Asteasun ekimena lanean ari da eta hitzordu ezberdinak antolatu ditu datozen asteetarako. Apirilaren 5ean, esaterako, bilera irekia egingo dute. Kulturarteko Espazioa izena eman diote eta 10:00etan hasita udaletxeko areto nagusian bilduko dira herritarrak. 

Bi gai nagusi lantzeko baliatuko dute bilera: "Alde batetik, harreraz hausnartzeko tarte bat zabalduko dugu, eta horretarako, Mondragon Unibertsitateko Arrakala Ikerketa Taldeko bi kide gerturatuko dira; eta bestetik, Mundu Bat Asteasun egitasmoaren jarraipenaren inguruko gogoeta egingo dugu", azpimarratu zuen Pili Legarrak.

Maiatzaren 10ean, harrera

Bestalde, datorren maiatzaren 10ean, lehenengo Harrera saioa egingo dute Asteasun. Alkateak adierazi zuenez, "saio horretan, azken sei hilabeteetan herrira iritsitako jatorri atzerritarreko bizilagun berriei harrera egingo zaie. Asteasuko Udalaz gain, herriko eragile eta herritar ezberdinek parte hartuko dute". Elkar ezagutzeko aukera ederra eskainiko du harrera ekitaldiak. 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 668 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!