Beste lan askoren artean, 80. hamarkadan idatzitako "Mujer vasca, imagen y realidad" liburua nabarmendu beharra dago, antropologia feministaren oinarritzat jotzen baita. 2011n Aiurrirekin edukitako elkarrizketa batean azaldu zituen lanaren nondik norakoak: "Lan horretan emakumearen ikuspegitik aztertu nuen boterea; gizarteetan boterea oso modu ezberdinetan banatzen edo antolatzen dela ikusiz, are gehiago gizon eta emakumeen arteko harremanaz ari bagara". Hori horrela, ondorioztatu zuen boterera iristeko sistema "ezberdin eta desorekatuak" sortzen dituztela jendarteek: "Ez nuke esango gizonezkoek botererako gaitasun gehiago dutenik".
"Ez nuke esango gizonezkoek botererako gaitasun gehiago dutenik; gertatzen dena da boterera iristeko sistema ezberdin eta desorekatuak sortzen dituztela gizarteek"
Boterera iristeko hainbat modu daudela bereizi zuen ikerlariak. Alde batetik, egituratuta dagoen sistema baten bidez, hauteskundeen bidez edo oposaketen bidez, esaterako: "Kasu hauetan askoz errazagoa da emakumearentzat modu parekatuago batean boterera iristea". Aitzitik, egilearen esanetan, badira horren egituratuta ez dauden beste modu batzuk, beste zenbait kanpo faktorek baldintzatuta: egoera bera, ezautzen den jendea, sarea... "Kasu horietan emakumeak desabantaila egoeran gaude: emakumezko bat botere postu bat hartzera doanean askotan galdetzen zaio familiari begira zer nolako aurreikuspenak dituen, umerik izateko asmorik ba ote duen".
"Emakumezko bat botere postu bat hartzera doanean askotan galdetzen zaio familiari begira zer nolako aurreikuspenak dituen, umerik izateko asmorik ba ote duen"
Garaiko jendarteari ere erreparatu zion, sistemaren antolamenduaren gainean hausnarketa egiteko asmoz: "Ezberdintasun handia dago eremu pribatuaren eta publikoaren artean; pribatua (emakumeari 'eransten’ zaiona) haurren ardura eta heziketarekin lotzen da, eta hori ez dator bat lan esparruarekin". Bi esparruak uztartzeko zailtasuna dakar horrek: "Ardura edo botere postuak dituzten emakumeek sekulako ahalegina egin behar dute bi eremuak, etxekoa zein lanekoa, aurrera ateratzeko; emakume horiek erakusten duten indarra benetan harrigarria iruditzen zait. Egun, bizitza pertsonala eta profesionala uztartu nahi dituen emakumeak zailtasun handiak ditu".
"Egun, bizitza pertsonala eta profesionala uztartu nahi dituen emakumeak zailtasun handiak ditu"