Muskerraren Bideko harreragunea, zabalik

Ainhoa Gil 2025ko eka. 7a, 08:00

Irekiera ekitaldi ofiziala amaituta, udaletxearen atzealdean elkartu ziren Bernardo Atxagaren hitzak entzutera. Aiurri

Joan zen maiatzaren 23an egin zuten Muskerraren Bideko harreragunearen inaugurazio ekitaldia. Udaletxearen azpialdean dago gunea eta Bernardo Atxaga idazle asteasuarrari aitortza egitera dator

Badira zenbait urte Muskerraren Bidea martxan jarri zela. Asteasun barrena egiten den ibilaldia da, hainbat geldialdi dituena eta Bernardo Atxagaren unibertso literarioa ardatz duena. Ekimena osatzeko, Muskerraren Bideako harreragunea zabaldu berri dute Asteasun. Bertan izan zen idazlea bera. 

Irekiera ekitaldian azpimarratu zutenez, Muskerraren Bideak orain badu leku bat, bisitariei ongietorria egiteko gunea eta Tolosaldera gerturatzen direnek Obabako sekretuak ezagutzeko aukera izango dute. Pili Legarrak, Asteasuko alkateak zabaldu zuen irekiera ekitaldia: "Gune honekin merezi duen omenaldia egin nahi diogu Bernardo Atxagari. Liburuez gain, berak idatzi eta beste batzuk abestutako kantak ere jaso dira. Eta, noski, bere ahotsa grabatu da Muskerraren Bidearen geldiuneetan. Egin den lana ondare garrantzitsua izango da, eta etorkizuneko idazleak sortzeko balioa izatea ere nahiko genuke". 

Bereizgarritasuna

Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziak babestu du ekimena, eta bertako lehendakari den Andu Martinez de Rituertok hartu zuen hitza maiatzaren 23ko ekitaldian: "Eskertzeko momentua da hau. Jende asko aritu da lanean harreragune hau posible izan dadin; elkarlan hori gabe ez litzateke posible izango. Turismo jasangarriaz ari gara hemen. Turismoa egitera goazenean eta bereziki hirietara joaten garenean, badirudi hiri guztiak antzekoak direla. Gure bereizgarritasuna, gure kultura eta gure identitatea bisitan datozenei erakustea lortzen ari gara hemen. Euskal kultura nabarmentzen duen Muskerraren Bidea osatzera datorren harreragunea irekitzera goaz gaur eta osotasuna emango dio ekimenari. Erakargarritasuna handituko zaio Muskerraren Bideari. Gehienok dugu harremana Bernardo Atxagaren literaturarekin eta bere obrak hizkuntza askotara itzuli dira; jende asko egongo da bere inspirazio iturriak ezagutzeko gogoz. Literaturaren bidez gure kultura ezagutarazteko txokoa izango da hau. Izan dadila gune erakargarria bisitatzen gaituztenentzat".

Bernardo Atxaga

Muskerraren Bidearen sustraia denari eman zioten hitza ondoren, Bernardo Atxagari berari. "Estralekua izan beharko luke gune honek eta, denborak laguntzen badu, hala izango da. Estraleku batek beste mundu batean sartzen gaitu, beste gauza batzuk eta albiste batzuk eskaintzen dizkigun leku bat da. Gure haurtzaroan, esaterako, elizan sartzea zoragarria zen. Antxietaren eskultura bat ikusten genuen han, edo musika mota ezberdin baten berri ere jaso genuen bertan. Harreragune hau ez da eliza izango, baina badu bere baitan beste mundu bat". Landa eremua ere hartu zuen ahotan asteasuarrak: "Gure landa eremu hau estralekua da. Handiagoen menpe egon izan gara beti eta nire ahalegina izan da eremu honi beste ahots bat bat ematea, beste interpretazio bat. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet gune hau diseinatu dutenei". 

Udaletxean

Asteasuko udaletxearen azpialdean dago kokatuta harreragune berria. Garai bateak helduen eskola zegoen bertan. "Eskola ere estralekua da. Eskola izan da gure bizitzetako dinamoa eta indarra. Beti kontatu izan dut Asteasuko Portalea baserriko arbasoek oso ondo egiten zuten txistu. Halako batean, bertako seme bat Donostiara joan zen lanera eta bere semea eskolara bidaltzeko aukera izan zuen. Han ikusi zuten dohain handia zuela musikarekiko eta, horretara bideratu zuten. Pablo Sorozabal zen ume hura. Eskolak ireki zion bide hori".  

Kultura, turismorako ardatz

Jackes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea ere gerturatu zen ekitaldira. Aipamena egin zien Atxagaren hitzei: "landa eremu hauei beste ahots bat ematen saiatu zarela diozu, eta zer garrantzitsua den hori. Turismo ikuspegitik, herri honek dituen gauza erakargarri guztiak munduan zehar zabaltzeko erraztasuna eman digu. Gaur egun esan dezakegu, jendea hona etortzen dela ez inoren kopia garelako, guk hemen duguna benetakoa delako baizik, eta hori jende askoren lana da". 

Harreragunea

2015 urtean sortu zen Muskerraren Bidea, Asteasun. Obabaren inguruan sortutako unibertso literarioa ekartzen du gogora. Bernardo Atxagak berak adierazi zuenez, "Idazterakoan, askotan, lur bat behar duzu, kale bat, auzo bat, eliza bat, etxe bat behar duzu eta hoberena da abstraktuki pentsatu beharrean, modu zehatz eta konkretuan pentsatzea. Eta etxe bat esatean, etxe jakin bat izatea gogoan. Alde horretatik, Asteasu izan da Obaba lurraldearen atzean dagoen herria”. Beste hainbat argitalpenetan agertzen da; esaterako, Sugeak txoriari begiratzen dionean (1989) edota Bianai (1995) lanetan. Ondare hori guztia dibulgatzeko helburuarekin, Asteasuko herrigunean bi kilometroko ibilbidea osatzen duen Muskerraren Bidea sortu zuten Bernardo Atxaga eta Asteasuko udalak elkarlanean. Tokiko informazio zabalarekin zazpi interpretazio-panel daude jarrita, testu, ilustrazio, mapa eta argazkiekin.

Euskara eta literatura

Espazio berri honetan, euskara eta literaturaren inguruko ekimenek lekua izatea nahiko luke Asteasuko udalak, herrian bertan sorkuntza sustatzeko balio dezan. Muskerrarenbidea.eus gunean jasotzen da harreragunearen eta bidearen inguruko informazio osoa eta, jakinarazi dutenez,  epe laburrean izango da prest erreserbak egiteko sistema. Ikastetxe edo talde handiak edota norbanakoak hartuko ditu guneak eta bisitarako  aukera ezberdinak eskainiko ditu. Batetik, ohiko bisita gidatuak eskatu ahal izango dira eta, bestetik, epe laburrean, norbanakoak espazioa bere kasara bisitatzeko aukera ere zabalik izango dute, internetez erositako sarrera baten bidez.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 672 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!