Zuk izango duzu jaietako txupinazoa botatzeko ardura. Nola hartu duzu berria?
Ez nuen inola ere espero, eta sorpresaz hartu dut, baina baita ilusioz ere. 2011n, alkatetzan sartzean, neronek bota nuen jaien hasierako txupinazoa. Momentu hartan alkateek botatzen zuten beti, eta niri egokitu zitzaidan. Geroztik etorri zen herritarrei aukera hori ematearen erabakia. Aurtengoa botatzeko gonbita egin didate eta ziklo baten itxiera irudikatzeko balioko du. Irailean utziko dut alkatetza eta txupinazoak zikloa itxiko du. Bizitzako aldaketa guztiek erritual bat behar dute, eta nire kasuan txupinazoa izango da erritual hori.
Pentsatu al duzu txupinazoarekin batera botako duzun pregoia?
Ideia ezberdinak darabiltzat buruan, baina oraindik ez dut idatzi. Agur bezala bizituko dut eta hori adieraziko dut. Eskertza helarazi nahi diot herriari.
Nola ari zara bizitzen azken hilabete hauek?
Alkatetzan biziko ditudan azken Sanpedroak izango dira eta, badut agur sentsazio hori. Ibilbidea egin dugu eta, prozesu guztiek dute irekiera eta itxiera. Aldi berean, gauzak ahalik eta bideratuen uzteko ardura sentitzen dut eta denbora gainera datorkidan sentsazioa ere badut. Nire buruari jarri diodan presioa besterik ez da, eta badakit nik alkatetza utzita ere, Asteasuk aurrera jarraituko duela.
Bestalde, nire kasuan, alkatetza uztea erretiroa hartzearekin lotuta doa eta horrek beste zentzu bat ematen dio. Beste era batera ibiltzen eta bizitzen ikasi beharko dut, denbora beste era batera kudeatzen. Horrek errespetua ematen dit.
Udalean, laguntzeko prest izango naiz beti eta taldeak badaki hori. Hala ere, ez dut inorren itzal izan nahi. Euren bidea egin behar dute.
Zer eman eta kendu dizu alkatetzak?
Ilusio handiz hartu nuen alkatetza. Lehen emakume alkatea izan nintzen Asteasun eta indarra eman zidan horrek.
Esperientzia ona izan da, asko ikasteko aukera eman dit; jende ezberdin asko ezagutu dut, administrazioan gauzak nola kudeatu ikasteko baliagarria izan zait, formatzeko aukera eman dit... Orokorrean ondo sentitu naiz. Bestalde, alkatetza ardurarekin hartzen baduzu, kezka ere bizitzen duzu. Oso lotuta zaude udalera. Udalak, horrez gain, erakunde asko ditu bere inguruan. Saiakera handia egin dut erakunde eta foro horietan Asteasuk presentzia izan dezan. Lan horrek fruitua eman du ondoren.
Gure udala ez da eraikuntzak egitean oinarritu. Egin dira eta egingo dira, baina gure oinarria ez da hori. Herri-harremanak, parte-hartzea, kultura... sustatzea izan da gure oinarria. Bide luzea eskatzen du horrek eta, horretan ahalegindu gara. Horretarako, alkateak talde ona behar du ondoan. Talde-giro hori zaintzea oso garrantzitsua izan da niretzat. Momentu honetan talde ona ari da udalean eta konfiantza osoa dut haiengan.
Hamalau urteko bidean, bestalde, momentu gogorrak ere izan dira, noski. Esaterako, ekonomikoki egoera zailak bizitu genituen hasieran. Bestalde, proiektu ezberdinak garatzen hasten zarenean baliteke norbanakoren batzuen interesarekin talka egitea eta hori ere ez da erraza izaten.
Espero al zenuen hamalau urteko bidea izango zenuenik?
Inondik inora. Nolanahi ere, hauteskundez hauteskunde Udalean izandako zinegotzi kopurua igotzen joan gara eta babesa sentitu dugu. Jarraitzeko indarra eman digu babes horrek.
Alkatetzara iritsi nintzenean oso ondo ezagutzen nuen udalaren funtzionamendua, bertan ari nintzelako lanean. Hori abantaila handia izan zen niretzat. Bestalde, alkatetzak beste toki batean jartzen zaitu eta erabakiak hartzea egokitzen zaizu, onerako eta txarrerako; hori ere ikasi egin behar da. Horretan, adina lagun izan dudala esango nuke. Denborak, bizitzako esperientziek, distantzia jartzen laguntzen dizute, segurtasuna hartzen. Psikologiako formakuntzak ere lagundu didala esango nuke. Arazoa eta pertsonak ezberdindu behar dira; arazoekin gogorra izan behar da, eta pertsonekin goxoa.
Nola aldatu da udalgintza urte hauetan?
Hamalau urte daramatzat alkatetzan, baina 40 urte dira bertan lanean hasi nintzela. Urte hauetan, goitik behera aldatu da udala; gauza batzuetan hobera egin da, beste batzuetan ez. Harremana erabat pertsonala izatetik, makina bidezko harremana izatera pasa gara. Jendea administraziotik urruntzea lortzen dugu modu horretan, arrotza egiten delako. Administrazioa asko burokratizatu da eta enpatia gutxi antzematen da. Alde batetik, egia da burokrazia beharrezkoa dela, bestela dena arbitrarioa izango litzatekeelako, baina burokraziak eta legeek jan behar gaituzte? Nik garbi daukat ezezkoa. Legeek beldurra sortu dute eta horrek malgutasun falta ekarri du. Herritarrengandik gertutasuna behar badugu, legeen interpretazioa samurtu egin beharko litzateke. Legeek ito egingo gaituzte eta denborarekin hori aldatu egingo dela uste dut. Gobernatzeko era ezberdinetara joan behar dugu, horizontaltasunetik egingo den gobernantzara. Horretarako, jendearen parte-hartzea sustatu behar da eta egiteko modu horiek erakundeetara ekarri.
Hirigintza aldetik, Lamiategiko etxebizitzak, plazaren eraberritzea... hainbat proiektu garatu dituzue.
Garbi genuen herriko gazteei bertan bizitzeko aukera eman behar zitzaiela eta Lamiategiko etxebizitzak oso garrantzitsuak izan dira. Nire gaztaroan, gazte gehienak kanpora joan ziren eta ez nuen hori errepikatzerik nahi. Bultzada handia eman zaio horri. Beste bi lurzoru ere erosi ditu udalak, etorkizunean etxebizitzak egin ahal izateko.
Plazaren eraberritzea ere garrantzitsua izan da; herritarren elkargune da. Jendearen harremanak indartzera dator, baita ere, kultur etxe berria. Urte amaieran hasiko dira lanak eta kutsu komunitarioa izango du. Bertan izango dira haur eta helduentzako egoteko tokiak, jarduera ezberdinak garatzekoak... etb. Parte-hartze prozesu bidez erabaki da nolako eraikina izango den eta oso polita izan da.
Bestalde, legeak finkatzen du udalek energia aurreztu behar dutela eta lan handia egin da. Kaleko argiteria aldatu da eta eraikinetan ere energia-auditoriak egin dira. Eskolak zuen energia galerarik handiena eta, lanak egin dira aurrezpena ziurtatzeko.
Mundu bat Asteasun ekimena garatu duzue azken urteotan. Kontaiguzu...
30 nazionalitate ezberdinetako jendea dugu herrian eta horrek hausnarketa ekarri zigun. Integrazioa nahiko erraza da eta ez digu aparteko arazorik ekarri, baina kezka sortzen zigun harremantzeko moduak aldatzeak edo gure hizkuntza ohituretan eragiteak, besteak beste. Harremanak landu egin behar dira eta hiru lantalde ditugu horretan. Euskarak bereziki kezkatzen nau. Arnasguneetan euskararen erabilera behera doa eta neurriak hartu behar dira. Kanpotik datozenei erakutsi behar zaie gure hizkuntza dela. Guk errespetuz hartu behar ditugu etorkinak, baina haiek ere errespetatu egin behar dituzte gure herriko hizkuntza, kultura, ohiturak, izaera... eta hori helarazi egin behar zaie.
Eskualde mailan eta osasungintzari lotuta, Tolosaldeko alkateen mahaiko kide zara.
Tolosaldean arazo handia dugu ospitale publikoaren faltagatik eta, alkateen mahaia osatu genuen, denen ordezkaritzan. Osasuna bizitzako arlo nagusietakoa da eta indar handia egin behar da hor. Urteak daramatzagu ospitale publikoa eskatuz eta horretan bat gatoz alderdi politiko guztiak. Dagoeneko hitz eman dute ospitalea eraikiko dutela, baina nolakoa izango den jakitea falta zaigu. TOPA-koekin, Asuncioneko langileekin... harremanetan gaude gai honen inguruko eragile ezberdinekin.
Gainerantzen, Tolosaldea Garatzen da eskualde mailan hainbat gai mugitzeko motorra eta ezinbestekoa iruditzen zait. Tolosaldeko Mankomunitatea ere hor dago. Zabor-bilketarako bideratuta dago egun, eta beste zenbait gaietarako ere bideratu beharko litzateke. Urteak daramatzagu hortaz hitz egiten eta oraindik ez da garatu, baina lanean jarraitu beharra dago.
Aiztondoko gainerako udalekin ere harreman ona dugu. Elkarlanean aritu gara.
Irailean egingo duzu lekuko aldaketa...
Bai, Larraitz Alkortak hartuko du alkatetza. Beste zinegotzi bat ere sartuko da udalera. Larunbat goiz batean egingo dugu ziurrenik ezohiko plenua, alkatetza aldaketa hori egiteko. Oraindik ez dugu data finkatu, baina irailean izango da.
Zeintzuk izango dira etorkizun hurbileko erronkak?
Kultur Etxea eraikitzeko obren kudeaketa garrantzitsua izango da. Plan orokorra garatzen hastea izango da beste egitekoa. Udazkenean egingo da horri lotutako parte-hartze prozesua, herritarrek adierazi dezaten nolako herria nahi duten. Herriaren hazkuntza orekatua eta malgua izatea oso garrantzitsua da. Bestalde, umeen parte-hartzeko kanala ere sortuko da.
Mezurik zabaldu nahi al zenuke?
Eskertza besterik ez daukat. Batetik taldekide izan ditudan guztiei, Bestatik, nire familia ere aipatu nahi nuke. Inoiz ez diet eskertzarik eman eta badakit ordu askoz faltatu izan naizela etxetik. Herritarrak ere gogoan izan nahi ditut, parte-hartzaile eta laguntzaile izan direlako. Herria martxan izateko ezinbestekoa da hori. Lankideei ere eskerrik asko esan nahi diet eta baita komunikabideei ere, beti ondo tratatua sentitu izan naizelako.
Nola definituko zenuke Asteasu?
Oso erraza da: nire herria. Bertan jaio nintzen eta bertako parte sentitzen naiz.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 673 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.