Gorroto bala ekimen betean da. Sanpedroetako kontzertua, berriz, berezia zaie etxekoen eta lagunen aurrean ariko direlako. Ekainaren 28an, larunbatarekin, oholtza gainera igoko den boskotea honako hau da: Maiu Elizondo Irazu (Asteasu, bateria), Inar Herrero Otegi (Asteasu, gitarra), Manex Iriarte Arregi (Amasa-Villabona, abeslaria), Haritz Uribe Etxeberria (Amasa-Villabona, baxua) eta Ekain Elizasu Manterola (Oiartzun, gitarra). Punk eta Oi! doinuak nagusituko dira emanaldian, gehien-gehienak eurek sorturikoak. “Herrian bertan jotzeko aukera ilusioz bizi dut, gogotsu nago. Urduri banago, baina, bereziki, gogotsu”, dio Maiu 16 urteko asteasuarrak. Bera da taldekide gazteena eta gainerakok 21-22 urtekoak dira. Astean bitan entseatzen dute eta iazko abenduan diskoa grabatu zuten Bonberenean. Eurek sorturiko 12 kanta joko dituzte eta, horiez gain, azken emanaldietan Never Surrender eta Barricada taldeen bertsio bana jotzen ari dira. Amasa-Villabonan, Xuharren aldeko jaialdian, egin zuten kontzertua gogoan iltzatuta geratu zaio Maiuri, erreferente diren talde askorekin batera aritu zirelako.