Disko berriena aurkeztera dator Xiberoots

Jon Ander Ubeda 2025ko eka. 26a, 08:02

Xiberoots taldeko kideak. xiberoots

Larunbat gauean, ekainak 28, Asteasuko jaietan ariko dira Gorroto bala taldearekin batera

Bob Marley eta enparauek Jamaikatik mundu zabalera ezagun egin zuten reggae musika eginez, 2018an, Euskal Herrian barrena ezagun egin zen Xiberoots taldea. Diskoa irekitzen duen kantua, gainera, "Agur Xiberoa"ren bertsio eguneratua da. Letrari heldu eta doinu itsaskor berria erantsi zioten: gazte askori, egun, "Agur, Xiberua; bazter guzietako txokorik ederrena; agur sorlekua; zuri ditut ene ametsik gozoenak" hitzak entzun orduko reggae doinuez osaturiko melodia datorkio gogora. Geroztik beste bi disko argitaratu dituzte eta, hain zuzen, Asteasuko jaietan "Zer agitüko" disko berriena aurkeztera datoz: "Hirugarren disko hau bihotzeko oihu bat da, bizitzaren, erresistentziaren eta esperantzaren goraipatze bat", hitz horiekin azaldu dute disko berria osatzeko zuten xedea. Hala, zortzi kantu berri jaso dituzte disko berrian, reggaemuffin estiloan sakonduz. Iaz, egin zuten "Beti Forman" kantuaren aurrerapena eta, berriki, gainerako zazpi kantak argitaratu dituzte.

Kezka sozialez zipriztinduta daude euren letrak eta euskarekiko duten konpromisoa irmoa da: "Populu zapaldu baten kezka zabaldu nahi dugu baina euskaraz kantatuz, ez gaitzatela behartu ingelesez kantatzera, eta oraino gutiago frantsesez".

Larunbat gauean, Asteasuko plazan

"Bizitza", "Maule muffin", "Agur Xiberoa" eta beste hainbat kantuekin abesteko eta dantza egiteko aukera paregabea izango da ekainaren 28ko gauean, Asteasuko jaietan. Baietz Xiberoots taldeak plaza dantzan jarri! Haien aurretik Gorroto bala ariko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!