Herritarren arteko herri kirol saioa, Sanpedroei hasiera emateko

Ainhoa Gil 2025ko eka. 26a, 21:32

Arratsaldeko 18:00etan hasita, herritarren arteko herri kirol saioa egin dute Asteasun. Bi zati izan ditu ikuskizunak. Harri-jasotzea izan du ardatz lehen zatiak, hainbat kiroletan lehiatu dira bigarrenean. Giro bikainean joan da arratsaldea. 

Eguraldi eguzkitsuarekin abiatu dira aurtengo Sanpedroak. Jaietako lehen egunera ekarri dute aurten herritarren arteko herri kirol lehia, eta ederra joan da. Bost taldetan banatuta aritu dira eta erronda bakarrean, talde guztien arteko lehia zuzena izan da ikusgai. 

Bi zati izan ditu lehiak. Bikoteka, harrijasotzen eta arrautza goilaran jarrita ibilalditxoa egiten eman diote hasiera. Talde gorriko bikotea izan da azkarrena lanak bukatzen eta saria jaso dute amaieran. 

Hainbat kiroletan lehiatu dira ondoren. Karretila, txingak, lokotx biltzea, zaku lasterketa, kontrabandoa eta korrika egin ondoren, talde bakoitzeko segalariek hartu dute lekukoa. Haien lana amaituta, berriz ere ekin diete aurreko lanei. Talde txuria izan da azkarrena eta haiek ere saria jaso dute amaieran. 

Giro eta umore ederrean joan da herri-kirol saioa. Jende asko gerturatu da ikustera eta, txupinazoaren aurreko orduetan motorrak berotzeko modu paregabea izan da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!