Eguzki-galdatan dantzan

Jon Ander Ubeda 2025ko eka. 29a, 13:25

San Pedro egun handia da Asteasuko jaietan. Goizean meza egin dute Elizmendin eta, jarraian, iritsi dira tradizio handiko hitzorduak: dantza-soka eta gaztetxoen arteko pilota partidak.

Goizeko hamaiketan hasi da meza. Lehen ilararaino Asteasuko bandera eta ikurriña eraman dituzte Pello Izagirre Sarasola eta Aitor Usandizaga Izagirre zinegotziek. Udal ordezkaritza zabala izan da mezan: aipatutakoez gain, Larraitz Alkorta Aizpurua,  Aitziber Egaña Callejo eta Pili Legarra Kortajarena alkatea. Pedro Luis Uranga Urteaga apaizak, elizkizunaren amaieran, eskertza adierazi die Udal ordezkariei eta abestiak bikain interpretatu dituzten abesbatzei.

Meza amaituta, txistularien laguntzaz irten dira mezan zirenak. Segidan, dantza-sokarekin jarraitu dute eta, tradiziozko goizari amaiera emateko, pilota partidak egin dituzte.

Beroa izan da gaurko protagonista. Eguzki-galdatan dantzan aritu dira eta itzalean egotea beste aukerarik ez zuten ikusleek. Dantzari dagokionez, dantzarien maila bikainaz harago, une hunkigarriak bizi izan dituzte Jon Beobidek eta Pili Legarrak. Biak ere dantzan omendu dituzte. Beobiderentzat berezia izan da Beñat semeak eskaini diolako dantza. 

Alkate lanetan ariko den azken San Pedro eguna da Legarrarentzat eta, bereziki, hunkituta nabaritu zaio. Jaso duen txalo zaparradak omenaldi eta agur zaporea izan du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!