Eneko Garin eta Amagoia Iribar Santamañako kroseko garaile

Ainhoa Gil 2025ko uzt. 13a, 12:51

Goizeko 10:30etan eman diote hasiera Santamañako kros igoerari. Aurrez, Joxe Migel Irazu zena omendu dute Asteasuko plazan eta lore sorta eskaini diote haren sendiari. Maila handiko korrikalaria izan zen Irazu, eta gogoan hartu nahi izan dute herrikideek. 

Lasterketa hasita, bi itzuli eman dituzte herrigunean barrena eta ondoren ekin diote Santamañarako igoerari. Eguraldi sargoriarekin hasi dira lasterka, eta haize freskoagoa aurkitu dute ermitaren inguruan. 

78 korrikalari izan dira gaurkoan eta,  Eneko Garin billabonatarra eta Amagoia Iribar izan dira azkarrenak helmugan.

Lehia estua izan da mutilen artean. Ia elkarrekin iritsi dira asfaltoko azken gunera Garin, Makazaga eta Esteban. Eneko Garinek azaldu duenez, "iaz ere elkarrekin ginen amaiera inguruan. Berak oso bukaera indartsua du eta irabazi egin zidan iazko hartan, tarte handia aterata. Aurten nik aurrea hartzea lortu dut eta gustora nago. Errepidera atera garenean, Aimar Esteban eta biok elkarrekin ginen eta Ibai Makazaga 30 bat metrora genuen. Jotzea erabaki dut, badakidalako Makazagaren bukaera oso arriskutsua dela. Eustea lortu dut".

Urtero bezala, giro ederra sortu da Santamaña ermitaren inguruan. Ikusle asko elkartu da bertan eta , sari-banaketa nahiz oparien zozketa amaituta, hamaiketakoa egin dute bertaratutako guztiek. 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!