Orokorrean, jaiek balorazio positiboa jaso zuten: egunetako oreka, giro herritarra eta zerbitzuen hobekuntza (txukuntasuna, komunak, autobusa) nabarmendu ziren.
Kontzertuek arrakasta izan zuten, nahiz eta genero-oreka falta eta musika estiloen aniztasunari buruzko iritzi ezberdinak agertu. Herriko artistak oholtzan ikustea oso positiboki baloratu zuten. Karaokea eta barrikote morea ere oso ondo jaso zituzten herritarrek.
Hala ere, ekitaldi batzuek (tortilla lehiaketa, hamaiketakoa) ikusgarritasun edo egokitzapen beharra dutela azpimarratu zen. Umeen eguna birplanteatzeko ideiak ere mahaigaineratu ziren.
Antolakuntzari dagokionez, parte-hartze eredua berrikusteko beharra ikusi zen: herritarrek gero eta protagonismo handiagoa hartu behar dutela, eta parekidetasuna, aurrekontuak eta sarreren kudeaketa bezalako gaiak sakon jorratu behar direla 2026ari begira.