Aurten lehen aldiz egingo da Asteasun mendi duatloia. Nondik sortu da ideia?
Azken urteetan Asteasun kirolarekiko zaletasun handia piztu da, eta herritar asko ibili dira duatloi ezberdinetan parte hartzen. Hori dela eta, Adunako mendi duatloian izan ginen batean sortu zen gure herrian horrelako proba bat antolatzearen ideia. Proposamena egin eta berehala jendea prest agertu zen antolaketan laguntzeko. Modu oso natural eta sinplean sortu da, beraz, Asteasuko mendi duatloiaren lehen edizioa.
Amasan urte askotan egin izan da proba. Asteasuko duatloiak haren lekukoa hartu duela esan al daiteke? Honek ere puntuatuko al du Euskal Herriko zirkuitoan?
Hasiera batean ez. Kasualitatez suertatu da horrela; izan ere, Amasako probak jarraipena izango balu ere, Asteasukoa berdin-berdin sortuko genuen.
Bai, Euskal Herriko zirkuitoan zazpi mendi duatloi daude puntuagarri. Lehenengoa Asteasukoa izango da, irailaren 27an. Ondoren etorriko dira Durangokoa urriaren 4an, Idiazabalgoa urriaren 11n, eta Kanpezukoa urriaren 18an –Euskal Herriko Txapelketa izango dena–. Segidan, Aiakoa urriaren 25ean, Ibarrakoa azaroaren 1ean, eta azkenik Adunakoa, azaroaren 15ean, ohiko moduan zirkuituari amaiera emateko.
Ibilbideari dagokionez: non hasiko eta non amaituko da? Korrikako zatia nondik igaroko da? Eta bizikletakoa?
Proba Asteasuko Elizmendi auzoan hasi eta amaituko da. Bizikletako zatian, parte-hartzaileak Goibailara auzoko Saskarate landetxeraino joango dira; bi buelta emango zaizkio zirkuitoari, 16 kilometro inguruko ibilbidea osatuz.
Korrikako zatia, berriz, 8 kilometro ingurukoa izango da, eta bizikletako ibilbidean bezala, auzotik bi aldiz pasako dira korrika.
Nola deskribatuko zenukete ibilbidea?
Ibilbide azkarra izango dela uste dugu. Ez da oso teknikoa; baditu bizikletan kontu handiagoarekin egin beharreko jaitsiera batzuk, baina oro har ez da ibilbide zaila.
Polita, gogorra eta azkarra izango da: oso intentsua, beraz.
Zerk egiten du ibilbidea berezi edo erakargarri?
Ibilbideak denetik pixka bat dauka: basoa, pistak, goraino iristean Ernio mendiko bistak… Gainera, kirolariak lau aldiz pasako dira auzotik, eta horrek ikusleei proba gertutik jarraitzeko aukera ematen die.
Kategoria ezberdinak izango al dira proban? Zein?
Bai. Emakumeena, gizonezkoena eta binakakoa, erreleboka.
Nola antolatuko dira erreleboka arituko direnak?
Bikoteka ariko dira: batek korrikako zirkuitua egingo du eta besteak bizikletakoa. Lehenik korrikalariak hasiko du proba, eta gero erreleboa txirrindulariari emango dio.
Bikoteak mistoak nahiz ez mistoak izan daitezke.
Parte-hartze handia espero duzue? Herriko jendea animatuko al da?
Asteasuko zirkuitoaren lehenengo aldia denez, ez dakigu zehazki nola joango den. Hala ere, esan beharra dago Asteasun egin izan diren bestelako kirol probetan jende askok parte hartu duela, eta herrian kirolzaletasun handia dagoela; ikusten dugu jendea proba ezberdinetan mugitzen dela. Zirkuito osora ez bada, uste dugu bikoteka hainbat herritar animatuko direla.
Dena den, lehen aldia izanik, ezin dugu ezer ziurtatu, ez baitakigu oso ondo zer espero.
Nola antolatu da lan-taldea? Zenbat boluntario behar dira halako proba bat aurrera eramateko?
Talde motor bat daukagu, bost kidek osatua. Horrez gain, boluntarioak biltzeko zerrenda bat osatu dugu, eta dagoeneko 30 boluntario inguru gara.
Lehen edizioa izanik, etorkizunean jarraipena izango duela espero duzue?
Bai, hasieratik asmo horiekin sortu dugu: urte luzez iraungo duen proba bihurtzea da gure nahia.
Zein oztopo edo zailtasun izan dituzue antolakuntzaren bidean?
Esango nuke ia bat ere ez. Oro har, jendea eta erakundeak oso prest agertu dira laguntzeko. Eskatu diegun enpresa eta komertzioek ere erantzun ona eman dute, eta udaletxeak ere bai. Mendi Duatloien Zirkuituak berak ere izugarri lagundu digu antolaketan.
Zein da zuen erronka edota helburu nagusia lehen edizio honetan?
Giroa sortzea, eta gozatzeko aukera eskaintzea. Eta, orain arte proba hau bizitzeko kanpora joan behar izan duten asteasuarrei, hemen etxean gozatzeko aukera eskaintzea.
Azkenik, zein mezu bidaliko zenieke izena emateko pausua oraindik eman ez dutenei?
Izena eman dezatela, animatu daitezela. Zirkuitua azkarra izango da, eta bakoitzak bere erritmoan egiteko aukera izango du. Bizikletan hain ondo moldatzen ez denak baina korrikan defendatzen denak, edo alderantziz, aukera du modalitate bakarrean aritzeko. Nik uste dut denentzat dagoela tokia proba berri honetan.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 677 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.