Ganadua, artisautza eta elikagaiak, Asteasuko Azokan

Ainhoa Gil 2025ko ira. 22a, 07:00

Asto-gainean ibiltzeko aukera izango dute txikiek. aiurri

Irailaren 28an ospatuko dute Asteasuko Azoka. Goizez zabalik egongo dira postuak eta arratsaldean erromeria egingo dute

10:00etan zabalduko dute azoka. Elikagai eta artisautza postuez gain, ganadu erakusketa ere ordu horretan zabalduko dute. Goiz guztian zehar hainbat ekintza egongo da martxan. 11:00etatik aurrera txekor-erre pintxoak dastatu ahal izango dira eta ordu berean hasiko dira haurrentzako asto-ibilaldiak. Eguerdiko 12:00etan arroz-esne lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia egingo dute pilotalekuan. Tradizio handiko lehiaketa da honakoa eta hainbat herritarrek aurkezten du bere arroz-esnea lehiara. 13:00etan asto erakustaldia egingo da ganaduaren gunean eta asto ederrenaren epaia ere jakinaraziko dute. 

Herriko kalabazen erakusketa, perratze lanak, garai bateko baserrietako materialen erakusketa..., eta hamarnaka artisautza eta elikagai postu ikusteko aukera eskainiko du azokak eguerdiko 14:30ak arte. Arratsaldean, azken urteetako ohiturari eutsi, eta erromeria antolatu dute. Jone Uria eta Julene Otegi izango dira aurtengoari doinua jarriko diotenak. 

Autobusa eta bidegorria

Azokara gerturatu ahal izateko, industriagunean antolatuko dute aparkalekua eta, plazarako autobus zerbitzua eskainiko dute goiz osoan zehar. Horrez gain, Zizurkil eta Asteasu arteko bidegorrian barrena, oinez gerturatzeko ohitura du eskualdeko jende askok. Aurten eraberritze lanak egiten ariko dira, baina ordezko bideak antolatuta egongo dira, joan-etorriak eroso egin ahal izateko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!