Pili Legarrak alkate eta zinegotzi karguak utzita, zinegotzi berria ere izendatu dute gaurkoan: Ainhoa Landaberea Torremocha. Jarraian egin dute Larraitz Alkorta alkate izendatzeko bozketa eta, Asteasu Batuz alderdiko kide guztien aldeko bozkekin eta EAJko ordezkariaren abstentzioarekin, alkate izendatu dute.
Pili Legarrari eskerrak emanez hasi du alkatetzako lehen hitzartzea Larraitz Alkortak. Haren eskutik jaso du aginte-makila eta, animoak emateaz gain, laguntzeko borondatea erakutsi dio alkate ohiak. Inguruan izango dituen taldekideak banan bana aipatu ditu jarraian alkateak, haien lanerako borondate eta gaitasuna azpimarratuz. Etxekoak ere gogoan izan ditu Alkortak, familiako emakumeak bereziki azpimarratuz.
Hitzartzeak amaituta, Txikia kantua eskaini diote alkate berriari eta, Juan Karlos Izagirrek eta Mikel Alkortak agurra dantzatu diote.
Bertaratu diren guztiei eskerrak emanez amaitu dute kargu-hartze ekitaldia.