Kulturartekotasunaren Festa, ate joka

Leire Uranga 2025eko azaroaren 7a

Ashlyn Simmons eta Maria Iglesias. Aiurri

Azaroaren 9an ospatuko da Kulturartekotasunaren Festa Asteasun. Jakiak eskainiko dituzten bi postutako kideekin aritu gara gaiaz: Maria Iglesias, ekuadortarra, eta Ashlyn Simmons, alaskarra

Nola eta noiz jaio zen Asteasuko Kulturartekotasunaren Festa?

Maria Iglesias: 2013an hasi ginen jaia antolatzen. Urte hartan, alkateak, Pili Kortajarenak, bilera batera deitu zituen herrira berriki iritsitako pertsonak eta jada udalerrian bizi ziren bizilagunak.

Lehen topaketa hartako helburu nagusia elkar ezagutzea izan zen: kanpotik etorritakoen eta bertakoen arteko loturak sortzea, Udalaren babesa bilatzea, bereziki erroldatzea bezalako gaietan, eta, gainera, gure presentzia herrian ikusgarriago egitea.

Lehen bilera hartan sortu zen gehiago partekatzeko ideia: gure kulturak eta tradizioak elkarbanatzekoa. Hala, bigarren bilera bat antolatu genuen, eta bertan erabaki genuen kulturen arteko egun berezi bat sortzea, bakoitzaren herrialdeko jaki tipikoei protagonismoa emanez. Horrela, asteburu batean elkartu ginen eta lehen jaia ospatu genuen. Parrokiako etxearen azpian ospatu genuen lehen festa.

Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea? Aldatu al da jaiaren egitura?

M.I.: Lehen edizioan bost herrialdek hartu zuten parte, bost mahai eta bost jaki desberdinekin. Urteen poderioz, jaia hazten joan da, eta azken edizioetan hamabi herrialde ordezkatzeraino iritsi gara, bakoitza bere jaki tipikoarekin.

Hasieran, ospakizuna bazterreko gune batean egiten zen, baina gaur egun herriko plazan, erdigunean, ospatzen da. Jendearen parte-hartzeko modua ere aldatu da: lehen lotsatiago hurbiltzen ziren, jaki txiki batzuk probatu eta jakin-min handiz begiratzen zuten; gaur egun, berriz, ilarak eta jendetza izaten dira postuen aurrean. Festak harrera bikaina du, eta jende askok parte hartzen du.

Zein dira ospakizunaren helburu nagusiak?

Ashlyn Simmons: Alde batetik, Asteasun bizi diren eta beste herrialde batzuetatik etorritako komunitateei ikusgarritasuna eman nahi zaie. Aldi berean, jaiarekin kulturartekotasuna eta bizikidetza ona sustatu nahi dira, hizkuntza eta ohiturak desberdinak izan arren, elkarrekin gozatzeko espazio bat sortuz.

Ideia nagusia da erakustea posible dela mahai berean eseri, musika partekatu, barre egin eta elkarrekin ondo pasatzea, gure jatorria edozein dela ere.

Zer ekarpen egiten die festak parte-hartzaileei? Eta, herriko egunerokoari?

A.S.: Beste herrialde batzuetatik etorri garenontzat, jaia protagonista izateko eta ikusgarritasuna izateko eguna da. Aukera bat da hemengoek eta kanpotik etorritakoek elkarrekin ondo pasatzeko, eta, aldi berean, kultura desberdinen arteko bizikidetza posible dela erakusteko.

M.I.: Gozatzeaz gain, asteasuarrek gu hobeto ezagutzeko aukera dute; truke bat sortzen da, eta esperientziak partekatzen ditugu. Horrek guztiak laguntzen du egunerokoan elkar hobeto ezagutzen eta gertutasun handiagoz elkarbizitzen.

Zer aurkituko dugu aurtengo festan?

A.S.: Egunari hasiera emateko, harrera-saio bat egingo da, azken sei hilabeteetan Asteasura iritsi diren pertsonei zuzenduta.

Urtero bezala, herrialde desberdinetako mahaiek izango dute lekua, bakoitzak bere jaki tipikoak eta pintxoak eskainiz: zapore askotako aukera zabala egongo da.

Gainera, egunaren egitarauan dantza folkloriko bat eta musika-talde baten emanaldia izango dira, jaiari giro alaia emateko.

Nolakoa da herritarren parte-hartzea?

A.S.: Jende askok hartzen du parte; harrera oso ona izaten du festak. Gehienbat haur txikiak dituzten familiak etortzen dira, baina, orokorrean, edozein gerturatzen da, herriko bizilagun asko elkartzen da bertan.

Zer da zehazki Mundu Bat Asteasun proiektua, nola sortu zen eta zein dira bere helburu nagusiak?

A.S.: Mundu Bat Asteasun proiektuaren aurretik sortu zen Kulturartekotasunaren Festa.

Mundu Bat Asteasun proiektua 2022an sortu zen Udalaren ekimen gisa, Asteasun bizi diren eta beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonen errealitatea, beharrak eta kezkak ezagutzeko helburuarekin.

Hasieratik, hainbat bilera ireki antolatu ziren, herritar guztiak parte hartzera gonbidatuta.

Proiektuaren helburu nagusia kulturartekotasuna eta aniztasuna sustatzea da, herritar guztien arteko topaketa eta bizikidetza erraztea.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 679 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!