Mohamed Farajallah-k hainbat hitzaldi eman ditu Euskal Herrian zehar, eta oraingoan asteasuarrek izan dute "lehen eskuko" informazioa jasotzeko aukera.
Udaletxeko ikus-entzunezkoen gelan eskaini zuen saioa, Xirimiri taldeak, Asteasuko Udalak eta Palestinarekin elkartasuneko herri taldeak antolatuta.
"Zortedun" agertu zen 1908an jaiotako aitona ezagutu izanagatik, haren ahotik jaso baitzuen Palestinako historiaren jakintza. Sareetan informazio "manipulatua" besterik jasotzen ez dela nabarmendu zuen, hauek kudeatzen dituztenek "genozidioa etengabe babesten dutela" gaineratuz.
Lehen Mundu Gerraz geroztik, urratsez urrats azaldu zuen Palestinako okupazioaren garapena.
Argi utzi zuen "historia behin eta berriz errepikatzen" ari dela; izan ere, berak gutxi gorabehera zazpi aldiz bizi izan ditu gaur egungoaren antzeko "su-etenak".
Hala ere, azpimarratu zuen ezin dutela esperantza galdu, eta uste baino lehen "egoerari buelta emango zaiola".
Palestinarrek etengabe jasaten dituzte tratu txarrak eta kontrol zorrotzak: "Animaliak bezala tratatzen gaituzte, horrela ikusten gaituztelako" zehaztu zuen.
Gaineratu zuen ez dietela uzten ez kanpoan ez barruan bizitzen, eta berak jada israeldar mehatxu ugari jaso dituela.
Eskerrak
Eskertuta agertu zen “Palestinaren egoerari buruz gehiago jakin” nahi zutenen aurrean, eta bere herriaz aritzeak “poza” ematen ziola adierazi zuen.
Hitzaldiaren xede nagusia zen herritarren aurrean norbait “Palestinaren alde” agertzea eta “Palestinaren benetako historiaren” berri ematera ausartzea.
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.