Gari Garmendia garaile Euskadiko Harri Handien Txapelketan

Aiurri 2025eko abenduaren 21a

Gaur jokatu da Euskadiko Harri Handien Txapelketa Asteasuko Usarrabi pilotalekuan; Gari Garmendia izan da garaile, guztira 7.100 kilo jasota.

Lehiaketan Jokin Eizmendi, Sergio Mielgo eta Garmendia bera aritu dira. Bigarren postuan sailkatu da Eizmendi, 6.750 kilorekin, eta hirugarren izan da Mielgo, 3.775 kilo bilduta.

Harriz harri, honela banatu dira altxaldiak: Gari Garmendiak 6 altxaldi egin ditu harri errektangularrean, 13 zilindroan, 10 kubikoan eta 17 bolan; Jokin Eizmendik, berriz, 8 errektangularrean, 10 zilindroan, 11 kubikoan eta 14 bolan; eta Sergio Mielgok 3 altxaldi egin ditu errektangularrean, 5 zilindroan, 7 kubikoan eta 10 bolan.

Txapelketaz gain, ikusleen arreta bereganatu du Estefania Etxebesteren marka-ahaleginak, harri errektangularrarekin.

Bestalde, une hunkigarria bizi izan da Asteasun; Jokin Eizmendiri agurra egin diote taldekideek, bidelagunek eta frontoian bildutakoek. Txalo zaparrada beroarekin agurtu dute, egindako ibilbideari aitortza eginda.

Erlazionatuak

Jokin Eizmendiri agurra

Aiurri abe 21, 22:24 Asteasu

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!