"Herritarrekin kontatzea ezinbestekoa da"

Leire Uranga 2026ko urtarrilaren 23a

Larraitz Alkorta, Asteasuko alkatea.

Iraila amaieran hartu zuen Asteasuko alkate kargua Larraitz Alkortak, Pili Legarraren lekukoa hartuta. Lehen hilabeteotako esperientziaz eta datozen erronkez hitz egin du:

Iraila amaieran hartu zenuen Asteasuko alkate kargua. Nola gogoratzen dituzu lehen egun horiek?

Oso urduri bizi izan nituen lehen egunak; aldi berean pozik nengoen, baina etorriko zitzaidanaren aurrean beldurra ere sentitzen nuen. Hasieran bertigoa eman zidan, baina pixkanaka martxa hartzen joan naiz.

Hiru hilabete igaro dira ordutik: zer moduz hartu diozu martxari?

Pixkanaka ari naiz martxa hartzen. Ikasi beharreko gauza asko daude, nahiz eta udalerri txikia izan, udaletik lan ugari egiten baita. Aurreko alkatea gertu mantentzen saiatzen naiz oraindik, eta behar dudanean laguntzen dit. Bailarako alkateek ere, zerbait galdetzen diedanean, beti erakusten dute laguntzeko prestasuna.

Udal langileen ekarpena ere funtsezkoa izaten ari da bide honetan, eta zinegotziekin batera, talde ederra osatzen dugu: lanak banatuta eta kezkak partekatuta, askoz ere errazagoa da bidean aurrera egitea. Benetan diot, zinegotzirik gabe ez litzateke berdina izango.

Zein izan da hasierako erronkarik handiena?

Momentuz, lehen hiru hilabete hauetan, 2026ko aurrekontuak izan dira buruhauste gehien eman digutenak. Aurrera begira jarri behar izateak eskatzen du lanik handiena, eta hori izan da zailena.

Pili Legarra urte luzez izan da alkate, eta lan handia egin du herrian. Nolakoa izan da lekukoa hartzeko prozesua?

Legegintzaldi hau hasi genuenetik, taldean adostuta geneukan aldaketa emango genuela; beraz, argi genuen lehenengo bi urteak elkarrekin egingo genituela. Prozesua oso lagungarria izan zait: udala barrutik ezagutzeko aukera eman dit, udal langileak gertutik ezagutzekoa, eta alkatearen zeregin nagusiak zeintzuk diren ikastekoa.

Sei urte hauetan bere ondoan egotea funtsezkoa izan da niretzat, eta alkatetza hartu nuen hurrengo egunean bulegora joan eta Pili bertan ez egotea oso arraroa egin zitzaidan. Aurrera egin beharra dago, eta, nahiz eta agian gauzak beste modu batera egin, bide beretik jarraituko dugula uste dut: Talde bera gara, Asteasu Batuz, eta ildo berari eusten saiatuko gara.

Egia esan, zorte handia izan dut bai taldearekin, bai bizi izan dugun aldaketarako prozesuarekin.

Zein balio edo lan-ildori eman nahi diozu jarraipena aurreko agintaldietatik?

Parte-hartzea eta aniztasuna dira Asteasuko ardatz nagusiak. Herria asko aldatzen ari da, eta lanketak ezinbestean egin behar ditugu.

Azken legegintzaldian, besteak beste, herritarren parte-hartzean jarri dugu indarra, eta bide horri eutsi nahiko genioke; izan ere, herri txiki baten dinamikan herritarrek parte aktiborik ez badute, herriaren etorkizuna bera ere zalantzan jar daiteke.

Une honetan, bi lanketa nagusitan ari gara lanean: batetik, haur eta gaztetxoekin parte-hartze kanal iraunkor bat martxan jartzeko prozesuan; eta, bestetik, nahi dugun Asteasu irudikatzeko lanketan. Herritar ugari ari da parte hartzen, eta hori funtsezkotzat jotzen dugu. Edozein prozesu aurrera eramateko, herritarrekin kontatzea ezinbestekoa da.

Bestalde, Asteasuko herritarren profila aldatzen ari da, eta horrek, herriarentzat aberastasuna izateaz gain, erronkak ere badakartza. Horregatik, bizikidetza onaren alde lanean jarraitzeko asmoa dugu.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 685 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!