"Albaola Itsas Faktorian zurgintza lantzeko aukera dut"

Lide Ruiz Telleria 2026ko martxoaren 22a

Oibar Olano gazte asteasuarra, Albaola Itsas Faktoriaren kanpoaldean.

Oibar Olano gazte asteasuarra Albaola Itsas Faktorian ari da lanean. 16 urterekin boluntario gisa aritu zen Albaolan, eta egun, bertako langilea da. Hainbat proiektutan murgilduta egon da, San Juan baleontziaren lanketan, besteak beste

Asteasuko gaztea Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan murgilduta ere ibilida. Horrez gain, zurgina da Albaola Itsas Faktorian. Gaztetatik zuen zaletasuna ogibide bilakatzea lortu du.

Aurretik boluntario gisa ibili zinen Albaolan eta orain lanean ari zara, nondik etorri zaizu bokazio hori? 

Boluntario gisa hasi nintzen, eta giroa gustatu zitzaidan. Horrez gain, praktikak ere hemen egin nituen, lehen eskola baitzegoen bertan. Tailerrean 3 urtez egon nintzen ikasten eta, praktikak egin ostean, lanean aritzeko kontratatu ninduten. 

16 urterekin lehen aldiz izan zinen boluntario, nolako esperientzia izan zen?

Hasierako esperientzia hura ona izan zen. Aurretik itsasoarekin ez nuen harreman handirik, egurrarekin gehiago, baina ez handirik. Hemen, bi gauza horiek lantzeko aukera izan nuen, eta esperientzia oso polita izan zen. Batez ere, itsasontziaren mantenu lanak egiten ibili nintzen.

San Juan baleontziaren lanketan parte hartu zenuen, zer sentitu zenuen proiektu horren parte izatean? 

Ikasketei dagokienez, aprendiz edo ikastun gisa sartu nintzen proiektuan, eta guztira bi urte egin nituen horrela. Ondoren iritsi zen lan-kontratua. Oso gustura egon nintzen ikasle garaian, asko ikasi nuen eta, oro har, prozesu polita izan zen.

Gaur egun, ze lanetan edo proiektutan zaude murgilduta?

Orain dela hilabete batzuk Ozentziyo Atunero-aren lanketan ibili nintzen.  Orain, aldiz,  San Juan baleontzian ari naiz. Zehazki, masta eta kabiak egiten ari gara. 

Bestetik, bertsotan ere ari zara Asteasuko bertso eskolan.

Bai. Urtean, gutxi gorabehera, hiruzpalau saio egiten ditugu. Astero batzen gara, Tolosan edo Asteasun, eta bertsotan aritzen gara.

Herriarteko Bertso Txapelketan lehen aldiz parte hartzen ari zara. Nolako esperientzia izaten ari da?

Esperientzia polita. Beldur pixka bat nuen, esperientzia berria izateaz gain, ikusle asko zegoelako. Lehenengo saioa egin eta gero eroso sentitu nintzen, eta orain, bigarren saiorako gogotsu nago.

 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 689 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!