Senideen maitasun keinua, Benito Otegiri

Xabier Lasa 2026ko maiatzaren 1a

Benito Otegi bere hurrengo belaunaldietako kideekin, Santamañan, erretraturako pronto jarrita. aiurri

Iturriondoko Benito Otegik 90 urte bete zituen joan den martxoan, eta ospakizun polita antolatu zioten senideek. Bazkaritara joan aurretik, Santamañan, bere familiaren 1936ko gorabeheren gaineko azalpenak eman zizkien Karlos Almorza historialariak

Asko maite dute Benito Otegi Usandizaga bere familiakoek, eta martxoan 90 urte betetzen zituela eta, aitzakia polita ikusi zuten esker oneko jai berezia ospatzeko. Horrela, martxoaren 21ean, Otegi Usandizaga familiako kideez gain, Aduna, Amezketa, Bergara, Donostia, Hernani, Oñati (Arantzazu) eta Zarautzetik etorritako Usandizaga Galarraga, Goñi Usandizaga eta Garmendia Usandizaga sendietako hainbat kide bildu zituen ospakizunak.

Guztiek ere Santamaña auzoan egin zuten lehenbiziko hitzordua. Han, Aranzadi Zientzia Elkarteko Karlos Almorza historialariak zenbait argibide eman zizkien 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondoren Aiztondo bailaran abuztu-irailean izan ziren gertakizunak hizpide hartuta. 

Ondoren, Aitzondo elkartean, bazkari eder batekin gozatzeko aukera eduki zuten. Postreetan berriz, maitasunaren adierazle ziren opari ugari jaso zituen Benitok: erretratu zaharrez jositako koadroak, txapela, kolonia... Ez ziren falta izan bere emazte Carmen Aldai Manterolarenganako maitasun keinuak ere.

Benito Otegi bihozberatuta

Pozgarria eta bihotz-altxagarria egin zitzaiola martxoaren 21eko ospakizuna aitortu dio Benito Otegik Aiurriri, geroztik. Egunean bertan emozioak egin omen zion gainezka, seme-alabak, lehengusuak, ilobak, bilobak… denak batuta ikusita, ia ezin ahoskaturik hitzik. Hurrengo egunetan, ez lehenago, hasi omen zen barneratzen senideek eskainitako goxotasunezko adierazpen guztiak. 

Azken aldian sentitzen duen barne-mina apaltzeko balio izan diola martxoaren 21eko ospakizunak, aitortzen du aldi berean. Min hori nork eta zerk eragin dion, azaldu du: “Jacan eta Candanchun egindako soldaduskan, Lesakako bost kiderekin egin nintzen ikaragarri adiskide. Geroztik harremana ez genuen galdu, eta orain hilabete batzuk, semea eta biok Lesakara abiatu ginen, haien berri jakitera. Atsekabe handiarekin itzuli nintzen han ikusitakoarekin, egia esan: bat hila, beste bat hilzorian, hirugarren bat aulki gurpildunean eta menpekotasun osoarekin…”.

Soldaduskako pasarteak etorri zaizkio burura era horretan. Hasteko eta behin, Asteasuko baserritar gazte batentzat zer izan zen mundu ezezagun bat deskubritzea: Pirinioetako gailur malkartsu eta elurtuak eta horietan murgiltzeak dauzkan arriskuak, eskietan ibiltzeko ariketa, Monte Perdido bezalako 3.000 metroko gailur bat igotzea... 

90. urtebetetzearekin batera atzera begira jarri da Otegi, eta ez bakarrik soldaduskako bolada mihian hartzeko. Gurasoak, aitaren hilketa, baserri-giro latza, Carmen Aldairekin ezkontza, lanbide desberdinak… datozkio burura samaldan.

Aita ezagutu gabeko haurra

Benito Otegi Upazan bailaran, Gorua Goiena baserrian jaio zen 1936ko martxoan; gurasoak, Jose Antonio Otegi eta Gregori Usandizaga izan zituen; eta anaia bat, Jose Antonio, bera baino hiru urte lehenago jaioa. 2022ko uztailean hil zen anai hori; bere alarguna, Anita Etxabe, bizi da.

Zazpi-zortzi behi eta idiren jabe eta lur-sail handiko baserria izanik, bertan bizibidea ateratzeko lain bazen familiaren altzoan jaio zen Benito. Nolanahi ere, jaio eta lau hilabete eskasera, tragedia samingarria ekarri zuten Gorua Goienako familiara uztailaren 18ko kolpe-militarren eragileek; izan ere, Asteasu abuztuaren 15ean hartu eta handik gutxira, aita atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman baitzuten. Bera haurra zen eta ezin oroitzapen handirik eduki, gehiago eduki du gogoan, anaiari entzundakotik. “Atxilotu aurreko orduetan, gauean, abarka eta guzti sartu zen ohean, ordu batzuk behintzat lo egiteko asmoz; hark bazekien zer zetorkion, eta halaxe gertatu! Ondarretako espetxera eraman zuten. 22 egunez eduki zuten bertan hil aurretik. Egun haietan, amari ez dakit nork esan zion Asteasuko jauntxoen artean hiru abal edo firma bildu zitzala, ea lortzen zuen libratzea senarra. Alkatearengana, bake epaile egiten zuenarengana eta beste zenbaitengana ate-joka joan, baina denek ezezkoa eman zioten. Negar batean itzuli omen zen etxera, burumakur, gajua!”.

Gauzak horrela, bi haurren amak, etsi gabe ekin zion gogor etorkizunari, auzo bereko Ibiaga baserriko Alberta bere ahizparen eta baserrian bederatzi urte egin zituen Albisturko Martin morroiaren laguntzarekin. “Bi anaiok giro horretan zaildu ginen, eskolara joateko aukera gutxirekin, miserian eta baserrian ahal ziren eginkizunei helduta”.

Michelinen eta emazteari laguntzen

Soldaduskatik itzulita, Joxe Sarasola Gurelesako esnezalearen laguntzaile gisa aritu zen; “Andazarrate, behera hasten ginen kamioi koskor batekin, bidean ziren baserrietako esnea biltzen, 40 litroko marmitak bete eta bete”. Laster, lanbide hura utzi eta Lasarteko Michelin lantegian lanpostua lortu zuen; “ia 40 urte egin nituen bertan, hiru erreleboetara”. 

Urte haietan, Aiako Carmen Aldai eta biak herri hartako plazan elkarren berri eduki, maitemindu, eta gutxira ezkondu egin ziren. “Igeldon jarri ginen bizitzen, bertan janari-denda irekita. Sei bat urte egin genituen bertan. Ondoren, Asteasura etorri ginen bizitzera; Kale Nagusian zegoen Etxetxo tabernaren ardura hartu genuen, errentan. Han ere beste sei bat urte egin, eta Iturriondo etxea erosi genuen; behar ziren erreformak egin, eta taberna ireki genuen. Emazteak ematen zuen tabernaren ardura, eta Michelingo lan-orduak egin aurretik edo ondoren, hari laguntzera joaten nintzen. Emazteak oraindik ere han segitzen du sukalde lanetan, familiarekin”. 

Benito eta Carmen bost seme-alaben gurasoak dira: Joxe Antonio, Jon Ander, Amaia, Karmele eta Txomin.

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 690 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!