"Bai Asteasun, bai Elizmendi auzoan, garrantzi handia dute Santakrutzek"

Leire Uranga 2026ko apirilaren 30a

Egitarau oparoa prestatu dute Elizmendin, maiatzaren 2a eta 3rako.

Asteburu honetan ospatuko dituzte Santa Krutz jaiak Asteasuko Elizmendi auzoan. Egitarau oparoa prestatu dute, adin guztietarako ekintzekin eta parte-hartzea ardatz hartuta. Ainhoa Landaberea Santakrutzen antolaketa taldeko kide da: 

Zer bilduko dute aurtengo Santa Krutz jaiek?

Aurtengo Santakrutzetan, aurreko urteen antzera, askotariko ekitaldiak izango ditugu: herri kirolak, mus txapelketa, gaztetxoentzako herri kirolak eta crossfit saioa, gaztetxoentzako jolasak, parrillada eta barrikotea, suzko zezena eta trikitilariak, besteak beste.

Zer garrantzia dute Santa Krutz jaiek Asteasu-Elizmendin?

Esango nuke Santakrutzek garrantzi handia dutela Asteasun, bai Elizmendiko auzoan, bai herrian bertan. Batetik, herrian ospatzen diren lehenengo festak direlako: maiatzean Santakrutzak, ekainean Sanpedroak (herriko festak) eta uztailean Santamañak (Goibailara auzoan). Lehenengoak izanik, badute zerbait berezia.

Bestetik, egia da Elizmendin eskola dagoela eta urtean zehar badagoela bizia eta mugimendua; baina, bestela, ez da ekitaldi jendetsu asko ospatzen auzoan. Santakrutzek, beraz, hori ematen diote auzoari: bizitasuna, eta auzotarrak zein Asteasuko herritar guztiak elkartzeko aukera. Aukera polita da.

Zein dira aurtengo ekitaldi nagusiak edo ezinbesteko hitzorduak?

Niretzat, azken urteetan indar handia hartu duen ekitaldietako bat parrillada eta barrikotea da. Bertan herritar asko biltzen gara, edozein adinetakoak, giro politean, elkarrekin afaltzeko.

Bestalde, parte-hartze zabalagatik nabarmentzekoa da toka txapelketa. Jende askok hartzen du parte, adin eta genero ezberdinetakoek, eta giro oso berezia sortzen da.

Santakrutzetako ekitaldi guztiek dute bere xarma, baina bi horiek nabarmenduko nituzke.

Aurten, berrikuntza gisa, herri kiroletan profesionalak izango dira igande arratsaldean. Lehen aldiz, lau emakumez osatutako ikuskizuna izango dugu.

Herritarren inplikazioa nolakoa izaten da jai hauetan?

Herritarren inplikazioa handia izaten da. Batetik, txozna herrikoia egoten da, eta herritarrei laguntza eskatzen zaie bertan txandak egiteko; txanda guztiak betetzen dira beti. Bestetik, parrilladan eta barrikotean ere laguntza eskatzen da -zerbitzatzeko, muntaketan eta jasoketan-, eta hemen ere txanda guztiak osatzen dira. Are gehiago, txandak bete gabe ere, jendea beti prest egoten da laguntzeko.

Zer giro espero duzue jaietako asteburuan?

Giro ona espero dugu. Ea eguraldiak laguntzen duen, izan ere, azken bi urteetan ez baitigu gehiegi lagundu; igandeak batez ere euritsuak izan dira, eta egitaraua moldatu behar izan dugu.

Jaiak motzak dira, egun eta erdikoak, baina oso intentsuak; horregatik, herritarrei aprobetxatzeko, gozatzeko eta ondo pasatzeko gonbita luzatu nahi nieke.

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 691 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!