Asteasuko Gazte Eguna, bihar

Aiurri 2026ko maiatzaren 8a

Gazteen arteko harremana sendotzea da Gazte Egunaren helburu nagusietakoa. aiurri

Egun osoko egitaraua prestatu dute Asteasuko gazteek maiatzaren 9rako. Herriko nahiz inguruko gazteak elkartzea da egunaren helburu nagusia, baita herrian barrena jai-giroa zabaltzea ere

Ume eta gazteentzako olinpiadekin hasiko dute eguna. Ondoren, bazkaria, bingo musikatua, Kitadelpare elektrotxaranga eta Dj Lizarrustirekin gozatuko dute ordu txikiak arte. Gazte asanbladako kideak buru-belarri aritu dira antolaketa lanetan. Azaldu dutenez, “urte hasieran hasi ginen prestakuntza lanekin. Udaleko ordezkariekin elkartu ginen, Gazte Egunaren inguruko asmoak adosteko”. 16 eta 20 urte arteko gazteak aritu dira egunaren inguruko antolaketa lanak osatzen: “Ostiraletan elkartu gara Kultur Etxean eta, pixkanaka, proiektua itxura hartzen joan da. Bukaera aldera, talde txikitan banatu ditugu lanak, lan karga hobeto kudeatze aldera”.

Iazko arrakasta

Hirugarren edizioa du Asteasuko Gazte Egunak. Iaz, espero baina gazte gehiago elkartzea lortu zuten. Izan ere, 60 pertsona inguru espero bazituzten ere, 120 elkartzea lortu zuten. Iazko harrera horrek, “aurten zeozer polita eta berezia egin nahi izatera bultza gaitu”.

Maiatzaren 9a gerturatzen ari da eta gogotsu daude gazte asteasuarrak. “Aurten oso motibatuta eta gogotsu gaude eta Udalan laguntza ere jaso dugu gainera. Laguntza horri esker, karpa txiki bat jarriko dugu plazan eta txozna bat egongo da bertan, egun guztian zehar, herritarrak animatzeko asmoz”.

Harremanak sendotzeko

Goizean jarriko dute martxan egitaraua eta, herriko haurrei zuzendutako ekintza gauzatuko dute lehendabizi. Txikien olinpiadak amaitutakoan, gazteen arteko olinpiada egingo dute eta, eguerdian, elkarrekin bazkaltzeko elkartuko dira. “Zerbait nabarmentzekotan, bazkaria aipagarria iruditzen zaigu. Azken batean, gazteen arteko harremanak sendotzeko baliagarria izango dela uste dugu. Horrez gain, plaza gazteontzako gune bihurtzeko aukera ere emango digu bazkariak. Horrez gain, bazkalostean, giroa alaitzeko sorpresatxo batzuk ere izango ditugu”.

Gazteen elkargune

Asteasuko eta bailarako gazteak batuko dira Gazte Egunean. “Aipatu bezala, gazteon arteko harremanak sendotzea bilatzen dugu. Izan ere, gure egunerokoan, kuadrilla edo lagun taldekoekin bakarrik elkartzen gara sarritan, eta horrelako ekintzekin muga horiek gainditu nahi ditugu, adin desberdinetako gazteen arteko sareak landuz”.

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 691 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!