Haurrentzako kirola, meza, hamaiketakoa eta toka txapelketa, Santa Krutz goizean

Ainhoa Gil 2026ko maiatzaren 3a

Elizmendiko Santa Krutz Jaiak aurrera doaz. Haurrentzako kirolak, meza, hamaiketakoa eta toka txapelketa izan dira gaur goizean. Giro politean joan da goiza. Arratsaldean, herri kirolak eta trikiti doinuak izango dira protagonista. Ximonen igoerarekin emango zaie amaiera aurtengo jaiei.

10:30etan eman zaie hasiera haurren kirolei. Beñat Garcia eta Aritz Segurola herritarrek gidatuta, kirol ezberdinetan aritzeko aukera izan dute haur eta gaztetxoek. 

11:00etan meza ospatu dute Santa Krutz ermitan. Lehen Jaunartzea ere egin dute gaurkoan zenbait gaztetxok eta ermita bete egin da. 

Haurrek kirolak eta meza amaituta, Elizmendiko plazan elkartu dira guztiak, hamaiketakoa jateko. Salda, haragi egosia eta txorixo egosia gustora hartu dituzte bertan bildu direnek. Barraren bestaldean, lan eta lan aritu da herritar talde bat, hamaiketakoa prestatu eta zerbitzen.

Sabelak beteta, toka txapelketari ekin diote. Adinaren araberako hiru mailatan banatuta, hamarnaka herritarrek hartu du parte. 

Ederra joan da goiza Elizmendin eta, festak ez du etenik izango iluntzera arte. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!