Hemeretzi durte ditu Asti behorrak. Azken bi urtetan ez du umerik egin, eta adinagatik izango zela pentsatzen hasita zeuden bere jabeak. "Hiru urterekin egin zuen lehen moxala eta geroztik, urtero-urtero egin izan du. Azken bi urtetan, ordea, ez zen ernai gelditu. Adinean aurrera doa, eta horregatik izan zitekeela pentsatu genuen. Aurten, ordea, ume egiteko zegoela konturatu ginen", azaldu du Josune Izagirre, Aztiren nagusiak.
Behorra ume egiteko zegoela ikusita, etxe ingurura ekarri zuten. "Erditzeko datak iritsi zitzaizkion eta gertutik zaindu nahi genuen, badaezpada ere. Egunak joan eta egunak etorri, ez zuen umerik egiten, eta susmo txarra ere hartu genuen. Izan ere, sekulako sabela zuen behorrak".
Maiatzaren 7an, gauean hasi zen erditzea. "Gaueko 21:00ak aldera joan nintzen behorrari begiratua egitera, eta orduantxe ari zen lehen moxala jaiotzen. Behorra berehala zutitu eta umea mizkatu zuen, baina segituan berriz ere etzan egin zen eta indarka ari zela ikusi nuen. Segidan izan zuen bigarren moxala". Albaitariari deitu zioten, berria emateko. "Oso ezohikoa zela esan zigun. Behorra ondo zegoen. Arrisku bakarra azpimarratu zigun; moxalak txikiak izatean, amaren titira iristea. Lehen gau hura behorra jezten eta moxalei esnea ematen pasa genuen. Goizean, ordea, biak titia hartzen ari zirela ikusi genuen eta sekulako lasaitua hartu genuen".
Osasuntsu daude Sator eta Sagu. "Harra eta emea dira. Izenen zerrenda bat izaten du prest Izarne alabak, moxalak jaiotzen direnerako. Sator izena idatzita zuen, baina bigarrenarentzako ez genuen izenik, eta momentuan pentsatu genuen", azaldu du Josunek.
Behorrari pentsuarekin laguntzen diote, bi moxalak osasuntsu hazi ditzan.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 693 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.