"Guztiak animatzen ditugu orientazio probara eta krosera"

Ainhoa Gil 2026ko uztailaren 6a

Pello Izagirre eta Txomin Isuntza, Santamaña elkartearen aurrealdean.

Uztailaren 11n Santamaña Orientazio probaren seigarren edizioa ospatuko dute, hurrengo egunean, kros igoera egingo dute Asteasuko herrigunetik Santa Marina ermitaren ingurura. Pello Izagirre eta Txomin Isuntza Santa marina elkarteko kide dira:

Seigarren ediziora iritsi da Santamañako Orientazio proba. Nolakoa izango da aurtengoa?

Txomin Isuntza: Uztailaren 11n ospatuko dugu eta ibilbide berrituarekin etorriko da. Bi proba antolatzen ditugu; hiru ordutakoa eta bi ordutakoa. Hiru ordutako probako ibilbidearen %70 berria izango da eta bi ordutakoa ere berrikuntza handiarekin dator.  

Santamañako Orientazio proban inoiz parte hartu duenari, nola azalduko zenioke?

T.I.: Santamañako ermitaren aurrealdean elkartu, eta mapa bat ematen zaie parte-hartzaileei. Ez da mapa teknikoa izaten, inguruaren argazki bat baizik. Erraza da irudiari begiratuta orientatzea. Bertan markatuta egoten da ibilbidea eta, gakoa, balizak aurkitzen joatea izaten da. Oso proba polita da, zailtasun teknikorik gabea, eta fisikoki ere aparteko prestakuntzarik eskatzen ez duena. Garbitutako bidea aurkitzea da gakoa. Hortik aurrera, bakarka, binaka, taldean... norberak erabakitzen du nola egin. Haurrekin datozenek ere izango dute ibilbide motzagoa egiteko aukera. Guztiek gozatzeko moduko proba izango da. 

Asteasuko Goibailara hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen al du probak?

T.I.: Bai, zalantzarik gabe. Ia bi hilabete daramagu bideak garbitzen eta ibilbidea prestatzen eta, ezagutzen ez genituen txokoetan barrena ibiltzeko aukera eman digu. Oso toki politak daude inguruan. Mendian sasi asko dago, eta denbora asko daramagu garbiketa lanak egiten. Parte-hartzaileei adierazi nahi diet baliza guztiak garbitutako guneetan egongo direla, baina horrek ez duela esan nahi garbitutako gune guztietan balizak daudenik. Bestalde, proba korrika egin nahi duenak izango du horretarako aukera, baina lasai-lasai egin nahi duenak ere arratsalde-pasa polita egin ahal izango du. Guztientzako moduko proba da. 

Pello Izagirre: Ni auzokoa naiz, eta ezagutzen ez ditudan tokietan barrena ibiliko gara orientazio proban. Inoiz probatu ez duenarentzat, oso polita da. Baliza bat aurkitzen duzun aldiro, sekulako poza ematen dizu, saria jasotzea bezalakoa da. Duela zenbait urte egin nuen lehendabizikoz, eta ikaragarri gozatu nuen. Jendea animatuko nuke.

Izen-ematea egunean bertan egingo duzue...

T.I.: Bai, 16:30etan abiatuko dira lehen parte-hartzaileak, eta ordubete lehenago zabalduko dugu izen-ematea. Izen-emateetatik jasotako diru-sarrera guztiak Fibromialgia abordatuz elkarteak jasoko du oso-osorik. Urtero elkarte bati zuzentzen diogu gure laguntzatxo hori, eta aurten, fibromialgiaren gainean lanean ari den elkarteak jasoko du.  

Uztailaren 11n ospatuko duzue Orientazio proba, uztailaren 12an krosa.

P.I.: Bai, XXIV. ediziora iritsi da dagoeneko. Artean mendi lasterketak indarra hartu gabe zeudenean hasi ginen antolatzen. Erdia errepidetik eta erdia menditik izango zen proba bat egin genuen; Santamañara iristeko ezinbestekoa zen mendiz ibiltzea. Zazpi kilometroko ibilbidea da, prestakuntza handirik gabe egiteko modukoa dena. Urteetan zehar aldaketatxo batzuk egin behar izan ditugu urteen poderioz; herriko sarrerako rotonda egin zutenean egin genuen lehen aldaketa, eta minen aferaren ondorioz bigarrena, 2024an. Ibilbide aldetik aldaketa horiek egin badira ere, gure hasierako filosofia hari eusten diogu; lagunarteko kirol-proba bat antolatzen dugu eta nahi duen orori zabaltzen diogu. Sariak lehen hiru korrikalari gizon eta emakumek jasotzen dute, berdin-berdin, eta lehen herritarrak ere saritzen ditugu. 

Nolako ibilbidea du lasterketak?

P.I.: Lehen bi itzuliak herrigunearen inguruan egiten dira. Plazatik aterata, Elizmendira igo eta plazara itzultzen dira korrikalariak. Bi itzuli egin ondoren abiatzen dira Santamaña aldera. Bi kilometro eta erdi daude plazatik ermitara; lehen kilometroa nahiko laua da, eta hortik aurrera hasten da malda. Azken metroak aldapatsuak dira eta hor norberak neurtu behar du bere erritmoa. Guztira zazpi kilometro inguru egiten dituzte korrikalariek. 

Zabalik al da izen-ematea?

P.I.: Bai, rockthesport webgunearen bitartez bideratzen dugu eta dagoeneko zabalik dago. Zortzi euro ordaintzen ditu parte-hartzaile bakoitzak, eta euren asegurua ordaintzera bideratzen da diru hori. Gainerako gastuak elkarteak hartzen ditu bere gain. 

120 parte-hartzaileko muga jarrita daukagu; batetik, antolaketa lanak ondo egin ahal izateko, eta bestetik, probaren izaera herrikoi horri eusteko. Ez genuke nahi Santamañako kros igoera masifikatzerik. Norbaitek izena emateko asmorik balu, bestalde, eskertuko genioke azken egunetaraino ez itxarotea, antolaketa lanak zailtzen dizkigulako horrek. 

 

Santamañatako egitaraua

Uztailak 10, ostirala

22:00 Santamañako XXIX. Mus txapelketa.

21:30-21:50 izen-ematea. Orduz kanpo ez da izen-ematerik onartuko eta bikoteko batek gutxienez herritarra izan behar du.

Uztailak 11, larunbata

VI. orientazio proba herrikoia

16:30 Proba handia.

17:30 Proba txikia.

Uztailak 12, igandea

10:30 Santamañako XXIV Kros igoera

Izen-ematea: https://rockthesport.com.

Uztailak 17, ostirala

14:00 Txupinazoa

14:30 Herri bazkaria

18:30 Bertso saioa

Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta  Xabat Illarregi. Gai-jartzaile: Oibar Olano.

Arratsaldean eta gauean Ostolaza eta Larrañaga.

Uztailak 18, larunbata

11:00 Meza Nagusia. Ondoren, hamaiketakoa.

Jarraian, auzotarren arteko herri kirolak.

Ondoren bertsolariak: Irazu eta Peñagarikano. Trikitilariak Izer, Alabier eta Laja II.

17:30 Kalejira. 

Gauean Izer, Alabier.

Uztailak 19, igandea

12:00 Haur jolasak

Jarraian, Toka Txapelketa

Ondoren, trikitilariak: Astiasaran eta Andonegi.

17:30 Gazteen harri-tira saioa

Arratsaldean eta gauean, Astiasaran eta Andonegi.

Amaitzeko, Tranpazuloren jaitsiera.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 696 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!