Asteburuan segarekin lotutako bi hitzordu izan dira Asteasun. Larunbatean Sega Gazte Ibilbideko bigarren jardunaldia jokatu zuten, eta igandean, berriz, Gipuzkoako Ohiko Sega Txapelketako gizonezkoen mailako lehia.
Larunbateko jardunaldian bero handia egin bazuen ere, gazteek lan ona osatu zuten, eta lehen jardunaldikoen antzeko emaitzak lortu zituzten. Jardunaldiaren helburuetako bat txapelketaren nondik norakoak ulertzea izan zen. Horretarako, epaileekin batera beren lana baloratzeko aukera izan zuten, eta segalari profesionalen laguntza ere jaso zuten.
Infantilen mailan, Mari Olazar izan zen sailkapen orokorreko lehena (12:58), eta Irati Tomé bigarrena (16:16). Kadeteetan, Inge Goikoetxea nagusitu zen (10:20). Ondoren sailkatu ziren Xuban Gartzia (12:17), Lorea Zunzunegi (12:44), Aner Zunzunegi (16:01), Klaudia Pellus (17:19) eta Haizea Larrañaga (19:39).
Igandean jokatu zen Gipuzkoako Ohiko Sega Txapelketa. Belarra lehor xamarra zegoenez, mozketa zaila izan zuten parte-hartzaileek, eta belar kilo gutxi bildu zituzten. Julen Gabirondok hasieratik hartu zuen aurrea, eta amaierarako alde hori nabarmena zen. Guztira 1.762,50 kilo bildu zituen. Bigarren sailkatu zen Mikel Lizartza (1.610,50 kilo), eta hirugarren Oier Urkola (1.512,50 kilo). Antolatzaileek nabarmendu dutenez, hiru segalariek korte txukuna egin zuten, zigor gutxirekin.