Trikitilariek herriko plazan elkartuz emango diote hasiera egunari. Bertan ospatuko da Tolosaldeko 4. Trikitixa Eguna. Aurten, gainera, egun berezia izango da Eleuterio Tapia trikitilari asteasuarra jaio zela ehun urte betetzen baitira. Hori gogoan hartzeko, “100 urte Eleuterio Tapia hil zela” omenaldi ekitaldia antolatu du herriko udalak. Ekitaldiari 12:00etan emango diote hasiera haren familiakoek bertsoak eta hiru abesti kantatuz. Jarraian, herriko eta inguruko musikariek Eleuteriok gustuko zituen hiru abesti joko dituzte.
Egitarauarekin aurrera jarraitzeko, 14:30ean bazkaria egingo dute herriko plazan bertan. Bazkarian izen emateko hauspotuztrikitixa@gmail.com helbidera idatz daiteke edo Asteasuko kultur etxean ere apuntatzeko aukera dago. Izena emateko azkeneko eguna irailaren 15a izango da. Bazkal ostean, festa giroak jarraituko du 18:30ean abiatuko den kalejira erraldoiarekin. Egunari amaiera emateko, Izer eta Alabierren eskutik erromeriaz gozatzeko aukera egongo da.
Eleuterio Tapia gogoan
Eleuterio Tapia duela ehun urte Errotaberrieta baserrian jaio zen. Trikitilari ospetsua izan zen, erromeria ugari alaitu zituena. Trikitilari maisu ere aritu zen, besteak beste haren iloba Joseba Tapiarena. Musikari izateaz gain, herri kirolaria ere izan zen. Segalari lanetan, hiru sega-apustu eta Euskadiko Sega Txapelketa bat irabazi zituen. Horrez gain, Iñaki Perurena bera ere bere eskuetatik igaro zen.

