Asteasun ospatuko duzue, aurten, Tolosaldeko Trikitixa Eguna, Eleuterio Tapiaren omenez. Nola hartu duzue berria etxean?
Juan Tapia: Aurten ehun urte dira gure aita jaio zela eta etxekook gogoan genuen hori. Proposamena, ordea, ez da guregandik sortu. Asteasuko alkate den Larraitz Alkortak deitu zidan, uda aurretik, urteurren borobilaren harira zerbait egiteko asmoa zutela azalduz, eta gure iritzia galdetuz. Pozez hartu genuen proposamena noski, gure aita zenaz gogoratze hutsa zoragarria zela iruditzen zitzaigulako.
Bestalde, aurten Hauspotuz elkarteak Tolosaldeko Trikitixa Eguna egitekoa zuen. Bi urtez behin egiten da ospakizun hori eta orain arte Tolosan egin izan da. Aurtengoa Asteasun egitea zoragarria izango litzatekeela komentatu genuen Larraitz Alkortarekin, baina bagenekien oso denbora gutxi zegoela eta ez zela erraza izango antolaketa hori guztia aldatzea. Alkateak berak hitz egin zuen Hauspotuz elkarteko kideekin eta haiek berehala eman zuten baiezkoa; oso gustora haiek ere. Irailaren 26an, beraz, Asteasun ospatuko dugu Tolosaldeko Trikitixa Egunaren laugarren edizioa. Erabat eskertuta gaude, bai Udalarekin gure aita zenarekin gogoratu direlako, eta baita Hauspotuzekin ere, Trikitixa Eguna Asteasun egiteko prestutasun osoa erakutsi dutelako.
Eleuterio zenaren etxekook parte hartuko duzue eguneko lehen ekitaldian. Kontaiguzu...
Bai, Udalaren proposamena entzunda, etxekoekin hitz egin, eta zerbait egitekotan geratu ginen. Zenbait pieza batzuk joko dugu eta bertsoren bat ere izango da Eleuterio zena gogoan izateko. Ilobatako bat, Iñaki Otaegi, bertso-munduan dabil eta hark bi-hiru bertso idatzi eta abestuko ditu. Baliteke ezustekoren bat edo beste ere izatea. Gure ekarpena egin nahi genuen, eta horixe egingo dugu. Zenbait ilobak aspaldi utzi zion soinua jotzeari baina, aitzakia horrekin, berriz ari dira.
Zailtasun handirik gabeko piezak joko ditugu ilobek, anaiak eta neronek. Elkarrekin entsegu batzuk ere egin ditugu dagoeneko, urduritasunak gainditzeko. Egunean bertan ondo pasako dugu eta ekitaldi polita izango da, baina bidea da niretzat, garrantzitsuena. Egunotan bizitzen ari garena oso polita izaten ari da etxekoentzat eta oso eskertuta gaude.
11:30etan plazan elkartu, hamaiketakoa egin, eta 12:30etan dago iragarrita Eleuterioren urteurreneko ekitaldia.
Bai, herriko plazan, aita zenaren omenezko monolitoaren eta Pello Errotaren eskulturaren inguruan oholtza jarriko du Asteasuko Udalak eta hantxe egingo dugu urteurreneko ekitaldia, 12:30etan hasita. Aurrez, Tolosaldeko trikitilariei ongi-etorria egingo zaie plazan. 11:30etan dago finkatuta Trikitixa Egunerako elkartzen hasteko ordua eta, hamaiketakoa egin ondoren, eszenatokira igoko gara Eleuterioren etxekoak, gure aletxoa jartzera.
Horrez gain, Hauspotuz elkarteko kideekin elkarlanean, aita zenaren gustuko hiru pieza aukeratu ditugu, guztion artean jo ahal izateko. Fandangoa aukeratzea oso erraza izan zen; aitaren izena daraman pieza joko dugu. Arin-arina berriz, korapiloa, aitak askotan jotzen zuena eta txapelketan ere jo izan zuena aukeratu nuen. Kalejirarekin zalantza gehiago izan nituen. Aita zenaren hiletan Lajak eta Martinek jotako kalejira aukeratu nuen azkenik. Bideoz grabatu genituen hiru pieza horiek eta dagoeneko zabalduta daude bideoak, jotzeko gogoa daukanak etxean entsaiatu ahal izan dezan. Polita izango da denok batera pieza horiek jotzea. Egun horretan, bertan izango dira aitaren ikasleak izandakoak ere eta une polita izango da.
Egun borobila izango da irailaren 26koa...
Hala da, bai. Aitaren ekitaldia amaituta, ohiko formatuan ospatuko da Hauspotuzen Tolosaldeko Trikitixa Eguna; oso egun polita izaten da. Kalejira erraldoia egingo dugu Asteasuko kaleetan eta eguerdian, elkarrekin bazkalduko dugu. Igandean Azoka Berezia ospatuko da herrian eta karpa jarrita egongo da plazan. Hantxe egitekoa da bazkaria. Bazkalondoan, pieza ezberdinak joko ditugu elkarrekin. Arratsaldean, kalejira erraldoia egingo da berriz ere eta aurten, berrikuntza izango du Trikitxa Egunak izan ere, jaia borobiltzeko, erromeria ospatuko baita Izer eta Alabierren eskutik. Hauspotuzek berrikuntza hori gehitu du aurten eta egunari bukaera ederra emateko modua izango da. Udalak laguntza handia eskaini du festa antolatzeko garaian eta eskertzekoa da hori. Erromeria amaituta, eguna luzatu eta, giro ederrean, parrandatxoa egiteko aukera aprobetxatuko dute batzuk ziurrenik.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 699 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.