Gaztetxoen pozak eta Mendi Duatloi Zirkuituaren hasierak giro bikaina utzi dute Asteasun

Iraia Sanchez Arregi

Goizean zehar II. Haur Mendi Duatloia jokatu da Elizmendi auzoan, 60 bat haur eta gaztetxoren parte-hartzearekin. Arratsaldean helduen txanda izango da, XVI. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituari hasiera emateko.

Asteasuko eta inguruko herrietako gaztetxoak izan dira gaur goizean Mendi Duatloiaren protagonista nagusiak. Iazko lehen edizioak izandako harrera ona ikusita, antolatzaileak oso pozik agertu dira aurten ere erantzunarekin, herriko eta eskualdeko hiru kategoritatik gorako 60 bat haur elkartu baitira Elizmendi auzoaren bueltan, korrika eta bizikleta gainean beren onena emateko.

Lasterketak hiru mailatan banatuta jokatu dira: lehenik LH 1, 2 eta 3ko haurrak aritu dira; ondoren, LH 4tik 6ra bitartekoak; eta, azkenik, DBH 1 eta 2ko gazteen lasterketak borobildu du goizeko kirol-saioa.

Herriko gazteak arduratu dira aurten ere haurren mendi duatloia antolatzeaz, eta azaldu dutenez, urtetik urtera nesken parte-hartzea handitzen badoa ere, datorren urtera begira, neska gehiago parte-hartzera animatu nahi dituzte.

Arratsaldean, helduen txanda

Goizeko harrobi-lanaren ondoren, arratsaldean helduek hartuko dute lekukoa, XVI. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko lehen proba ofizialean. Arratsaldeko 16:00etan emango diote hasiera lehiaketari, eta parte-hartzaileek bi sektore gogorri egin beharko diote aurre:

  • 1. Sektorea: 7,18 km-ko mendi lasterketa, 302 m+
  • 2. Sektorea: 15,76 km mendi bizikletaz, 631 m+

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!