Magali Albisu eta Eneko Gurrutxaga nagusitu dira Asteasuko II. Mendi Duatloiean

Iraia Sanchez Arregi

Asteasun jokatutako probak eman dio hasiera XVI. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkituari. Guztira 81 kirolarik hartu dute parte, banakako zein bikotekako modalitateetan, ibilbide zorrotz zein aldapa bortitzei aurre eginez.

Asteasuko II. Mendi Duatloiak ateak ireki dizkio ofizialki XVI. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkituari, eta bertaratutako kirolariek gogor lan egin behar izan dute amaierako marra zeharkatzeko. Ibilbidearen gogortasunari sapa eta bero handia gehitu zaizkio gaurkoan, lehiaketa gehiago gogortuz. Antolakuntzak iazko jaitsiera batzuk aldatu dituen arren, bizikletaz igotzeko aldapa ikusgarri zein gogorrek markatu dute lasterketaren martxa; hainbatek tarte jakin batzuetan bizikleta eskuan hartu eta oinez igo beharra ere izan dute.

Guztira 81 parte-hartzaile elkartu dira herrian. Banakako modalitatean 39 lasterkari aritu dira (horietatik hiru emakumezkoak), eta bikotekako proban, berriz, 21 bikotek hartu dute parte (horietatik lau mistoak), non kide batek korrikaldia eta besteak mendi-bizikletako saioa osatu duten.

Sailkapena:

  • Banakako emakumezko sailkatuak:
    • Lehen postuan: Magali Albisu (Oiartzun)
    • Bigarren postuan: Izarne Mayoz (Asteasu)
    • Hirugarren postuan: Maite Murgia (Lazkao)
  • Banakako gizonezko sailkatuak:
    • Lehen postuan: Eneko Gurrutxaga (Amasa)
    • Bigarren postuan: Endika Mantecon (Segura)
    • Hirugarren postuan: Aitor San Sebastian (Zizurkil)
  • Gizonezko bikote sailkatuak:
    • Lehen postuan: Iban Goikoetxea eta Ekhi Aierbe (Ataun)
    • Bigarren postuan: Aitor Zuriarrain eta Adei Zuriarrain (Idiazabal)
    • Hirugarren postuan: Jon Flores eta Alex Gaztañeta (Asteasu)
  • Bikote mistoen artean:
    • Lehen postuan: Ane Galartza (Zizurkil) eta Enaitz Roteta (Asteasu)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!