11:30etan Asteasuko plazan elkarteko deia zabaldua zuen Hauspotuz taldeak, eta jendeak ez du hutsik egin. Elkarrekin hamaiketakoa egin ondoren, eguerdiko 12tan elkartu dira, Eleuterio Tapia zenaren omenez jarritao monolitoaren inguruan. Hantxe zegoen Asteasuko Udalak jarritako oholtza eta, bertatik eman die ongi-etorria hizlari lanetan aritu den Amaia Agirrek. "Eleuterio Tapiaren omenezko ekitaldia xumea baina berezia eta esker onezko aitortza bat izatea nahiko genuke".
Eleuterio Tapiaren etxekoak izan dira ekitaldiko protagonista nagusiak. Iñaki Otaegik, Eleuterioren bilobak, hiru bertso bota ditu, osaba Jabier Tapiaren soinuak lagunduta. Txalo artean hartu dituzte. Hona, lehen bertsoa:
Orain ehun urte, Errotaberrietan
hartu zenuen abaro
Ume zinela hura utzita
Mutuia aldera igaro.
Bertan ezkonduz izan zenitun
sei seme-alaba oparo
senar ta aita izan zinen zu
fokoetatik harago.
Belaunaldiak aurrera baina,
oraindik presente dago.
Jarraian, Eleuterioren bi semeek, Juanek eta Jabik, eta hiru bilobak, Leirek, Izarok eta Aiorak, hiru pieza eskaini dituzte aitona zenaren omenez, eta Jabierrek beste bi pieza ere jo ditu, bakarrik.
Eleuterio zenaren anaia Luisek hartu du jarraian protagonismoa. 93 urte betetzear dela, oholtzara igo da Joseba semeak lagunduta eta bertsoak abestu ditu hark ere. Anaia zenaren trikitixarako trebezia ezezik, kirolerako zuen abilezia eta grina ere azpimarratu ditu bertsotan.
Ekitaldia amaitzeko, plazan elkartutako soinujole eta panderojole guztiek batera hiru pieza jo dituzte. Eleuterio berarekin izena daraman piezarekin eman diote hasiera saioari.
Familia argazkiak atera ondoren, kalejiran abiatu dira guztiak Asteasuko kaleetan barrena, hiru taldetan banatuta. Eguerdira bitarteko tartea eginda, elkarrekin bazkaldu dute guztiek plazako estalpean eta, arratsaldean, jai-giroa nagusituko da berriz ere, trikiti eta pandero soinuz lagunduta.