Kulturarteko Festak harrera beroa egin die Asteasura iritsi berri diren herritarrei

Iraia Sanchez Arregi

"Mundu bat Asteasun" lelopean, Kulturarteko Festa ospatu dute gaur Asteasun, eta jende andana bildu da herriko plazan. 2022an lehen edizioa egin zenetik, bosgarren urtez antolatu dute topaketa hau, elkarbizitza eta kultur aniztasuna ospatzeko asmoz.

Ekitaldiko une zirraragarrienetako bat etorri berriei egindako harrera izan da. Izan ere, iazko urritik hona kanpotik bizitzera etorritako 26 herritarrei ongietorri beroa egin zaie. Ekitaldian zehar alkateak, atzerritik iritsitako hainbat auzokidek zein herriko gaztetxoek hartu dute hitza guztiei harrera egiteko, eta jarraian brindisa egin dute elkarrekin.

Ekimenaren arrakasta gastronomikoa ere nabarmena izan da: 7 herrialdetako jakiak dastatzeko aukera egon da, guztira prestatutako 8 plater desberdinen bidez. Jende pila gerturatu da postuetara, eta ilara luzeak osatu dira platerak dastatzeko. Bertan bildutako dirua datorren urteko ekimena antolatzeko bideratuko da. Eguna borobiltzeko, "La otra calle" musika taldeak ikuskizuna eskaini du, giro bikaina jarriz herriko plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!