Beldurrak erreta sorgin dantzan bildu ziren asteasuarrak

Iraia Sanchez Arregi

Asteasun ere herritar mordoa elkartu zen Gau Beltza ospatzeko. Beldurrak paperetan idatzi eta herriko plazan erre zituzten horiek uxatzeko. Herritarren izuak erretzen ziren bitartean, suaren inguruan bildu ziren arratsaldean entseatzen aritutako sorgin dantza egiteko. 

Haur, gazte zein heldu animatu zen sorgin dantza egitera. Jarraian, antortxak eta bengalak piztuta herritik barrena kalejira egin zuten txalaparta joleak ere lagun zituztela. Berriro plazan elkartuta, talde txikitan banatu eta herriko gazteek antolatutako sustoen bira egin zuten Pello Errotaren eta haren astoak utzitako lastoen arrastoei jarraika. Herriko hainbat txokotatik igaro ziren, bakoitzean txokolateak eta gozokiak jasoz trukean. Talde guztiek sustoen bira osatutakoan, gaztainak eta tortila patata ogitartekoak jan zituzten. Gozozaleenentzako postrea ere ez zen falta. Gau Beltzeko tarta ederra prestatu baitzuten. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!