Lan istripuak hil zuen Ion gogoan hartu dute

Iraia Sanchez Arregi

LAB sindikatuak deituta, Asteasuko Bost enpresaren aurrean elkarretaratzea egin dute lan heriotza salatu eta patronalari zein enpresari erantzukizunak eskatzeko.

Duela hiru urte lan istripu batek hil zuen Ion Eskisabel tolosarra. 2023ko uztailean Asteasuko Bost Machine Tools Company enpresarentzat lanean ari zela, tornu bertikal batek harrapatuta hil zen. Lan heriotza hori salatzeko eta Ion gogoan hartzeko bildu dira enpresaren atarian LAB sindikatuak deituta. Horrekin batera, lagunartekoei, senitartekoei eta lankideei elkartasuna adierazi diete. Bertan izan dira lagunak eta lankideak ere. Izan ere, “kasu isolatu bat izatetik urrun” dagoela adierazi dute, aste honetan bertan, Euskal Herrian beste lau langile hil baitira. Horrelako mobilizazioen bidez, gainera, langileak batzea bilatu dute.

Elkarretaratzean patronalari eta enpresari dagozkien erantzukizunak har ditzaten eskatu diete. Halaber, familiak enpresari zigor arloko salaketa jarri zion, eta datorren astelehenean Gasteizen epaiketa izango dutenaren berri eman dute. Sindikatuko ordezkariak epaiketan babesa ematera joango direla adierazi dute.

Patronalari eta enpresari dagozkien erantzukizunak har ditzaten eskatu diete

Prebentzio neurriak hobetzeko eskaera

LABeko delegatuak eta komiteko langileak lanean dihardute istripuaz geroztik prebentzio neurriak gehiago lantzeko. Protokolo batzuk ere garatu dituzte istripu gehiagorik gerta ez dadin. Enpresari eta patronalari ere prebentzio arloan haien lana egin dezaten galdegin diete, “benetako prebentzio lana egiten bada horrelako istripuak saihes daitezkeela” nabarmenduz.

Tenkatutako giroa enpresan

Lan istripu baten aurrean, Bost enpresak duen jarrera ere salatu dute. Izan ere, langileek batzarra egin dute elkarretaratzearen aurretik, ordu erdi irauten zuen eta beste ordu erdi ezarri zuten haien lankidea gogoan hartzeko mobilizatzeko. Beharginek bezperan enpresaren mezu bat jaso zuten elkarretaratzeak irauten zuen ordu erdi hori soldatatik deskontatuko zietela jakinarazten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!