Tranpazulo eguna, asteasuarren elkargune

Iraia Sanchez Arregi

Aurreneko aldiz antolatu dute Tranpazulo eguna Asteasun. Egitasmoaren proposamena herriko Txosna Batzordetik sortu zen, eta antolatzaileak pozik agertu dira herritarren artean eduki duen harrerarekin.

Egun osoko egitaraua antolatu dute Asteasun Tranpazulo egunaren bueltan. Txosna Batzordeak bilduta zuen dirua herritar guztiak batuko zituen egitasmo batera bideratu nahi izan zuen, horren emaitza izan da lehenbizikoz antolatu duten egun hau.

Adin guztietako herritarren parte-hartzea bultzatzeko, edonori egokitutako jarduerez gozatzeko aukera izan dute asteasuarrek. Goiza mendi irteerekin hasi dute, itzuli laburra eta luzea egin dituzte, herritar ororentzat irisgarriak izan zitezen. Kirola egin ostean, indarrak biltzeko hamaiketakoa egin dute.

Egunari jarraipena emateko, hamarnaka herritar bildu dira pilotalekuan egin duten bazkarian. Egitaraua borobiltzeko, herriko elektrotxarangak giro bikaina jarri du pilotalekuan. Musikari ugariz osatutako taldeak herritarrak dantzarazi ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!