Nola hasi zinen mendi lasterketen munduan?
2018 inguruan hasi nintzen, nahiz eta lehenagotik ere banuen ideia. Betidanik gustatu izan zait mendia, han korrika ibiltzea, askatasuna ematen didala iruditzen zaidalako. Futbolean ibiltzen nintzen orduan eta ikusi nuenean ez nuela etorkizunik, gehiago gustatzen zitzaizkidan kirolei begiratzen hasi nintzen. Futbola utzi, eta mendi lasterketetan hasi nintzen.
Zergatik mendi lasterketak eta ez errepidekoak?
Gehienbat mendiak ematen didan askatasun sentimendu hori da arrazoi nagusia. Mendian bakarrik gustora ibiltzen naiz, libre nagoen sentsazioa sentitzen dut, eta errepidean ez zait berdina gertatzen. Bietan kirol hori egin eta gero sentitzen dena antzekoa da, baina praktikatzen ari naizen momentuan nahiago dut mendiko sentsazioa eta askoz eramangarriagoa egiten zait gainera. Mendian bi ordu askoz ere azkarrago pasatzen zaizkit errepidean ordubete baino.
Urriaren 31n Mallorcara joan zinen Camins de Pedra en Sec lasterketan parte hartzera. Nola sortu zitzaizun aukera?
Mallorcako lasterketa izan da aurten Euskal Mushing taldeak jarri zizkigun hiru helburu nagusietako bat. Beraien taldearen parte izan nahi nuen, nahiz eta zalantzaren bat edo beste ere izan nuen: ez nengoen hain seguru talde batekin konprometitzeko. Nolanahi ere, banekien zeintzuk izango ziren nire taldekideak, ezagutzen nituen, eta aurrera egitea pentsatu nuen. Ez naiz damutzen, taldekideak oso jatorrak dira eta lagun-talde oso ona egin dugu. Erronka hori jarri ziguten eta guk talde bezala erronka horri aurre egitea erabaki genuen.
104 kilometro, ia 4000 metroko desnibel positiboa… nola prestatu zinen horrelako erronka baterako?
Egia esan, aurtengo urtea pixka bat nahasia izan dut: iazko gabonetatik eszedentzian egon naiz, suhiltzaile izateko oposaketak prestatzen buru-belarri, horrez gain entrenatzen ere ibili naiz… eta horrek guztiak estutasun puntua eragin dit. Denboraldiaren erdira arte ondo eramatea lortu nuen, baina azterketak egiteko unea gerturatzen ari zen heinean, burua geroz eta urrunago neukan korrikatik. Horren ondorioz karrera bat edo beste uztea erabaki nuen, Domusan ere parte hartu nuen baina ez nuen bukatu. Behin azterketa eginda eta burua pixka bat libreago edukita, aukera izan dut hobeto entrenatzeko. Entrenamenduak ondo asimilatu ditut azkenaldian eta horren ondorio izan da Mallorcan erakutsi dudan maila.
Nola sentitu zinen lasterketan zehar? Izan al zenuen une gogorren bat bereziki?
Banekien zein korrikalarik hartu behar zuten parte eta hasieran ez zitzaidan burutik pasa hirugarren postuan geratzea, baina horrelako karrera luzeetan mila gauza gerta daitezke; beti bada erretiratzen den norbait. Ni nire lasterketa egitera atera nintzen eta gutxi gora behera erdialdean, 5º postuan nengoela, hango pertsona batek komentatu zidan faboritoetako batek erretiratu egin behar zuela eta 4º sailkatua bi minutura nuela. Momentu horretan belauneko minekin nengoen, baina hori esan zidanean eta 60. kilometroan anoa-gunea edo abituallamendua nuela jakinik, laguntzaileei 'Reflex' eskatu, eta jarraitu egin nuen. 4º sailkatua aurreratu ondoren ikusi nuen 3º sailkatua ere gertu nuela. Eserita zegoen, erretiratzear, altxatzeko asmorik gabe, eta behin aurreratu nuela min guztiak ahaztu zitzaizkidan eta guztia eman nuen amaierara iristeko.
10 ordu, 6 minutu eta 18 segunduren ondoren iritsi zinen helmugara 3. postuan. Zer sentitu zenuen momentu horretan?
Poz ikaragarria. Alde batetik, nik pertsonalki taldeari erakutsi nahi nion zergatik kontatu zuten nirekin, aurten ez da izan nire urtea hoberena parte hartu dudan beste bi lasterketetan, baina oraingoan nire benetazko maila eta nigan egin zuten apustuaren zergatia erakutsi nahi nituen. Eta bestetik, taldearengatik ere asko poztu nintzen, izan ere, udan Vielhara joan ziren UTMBko lasterketa batean parte hartzera eta ez zitzaizkien gauzak nahi bezala atera. Taldea nahiko minduta zegoen, baina lasterketan lortutako 3. postu honek denboraldia amaitzeko poz handia eman digu.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 703 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.