Tranpazulo, belaunaldi arteko elkargune

Iraia Sanchez Arregi

Lehendabiziko aldiz antolatu zuten Tranpazulo eguna Asteasun.

Egun osoko egitaraua antolatu zuten Asteasun Tranpazulo Egunaren bueltan. Txosna Batzordeak bilduta zuen dirua herritar guztiak batuko zituen egitasmo batera bideratu nahi izan zuten bertako kideek, horren emaitza izan zen lehenbizikoz antolatu zuten egun hori.

Txosna Batzordeak herriko festatan ateratzen duen dirua Asteasun bertan hainbat jarduera egiteko bideratzen dute. Aurten ere diru horrekin zerbait antolatu nahi zuten, baina herritar guztien elkargune izango zen ekimen batera bideratuz. Gazte Eguna ere antolatzen dute udaberrian diru-iturri horren bidez, oraingo egitasmoa, berriz, gazte belaunaldietatik harago zabaldu nahi izan zuten, helduak, gaztetxoagoak zein gurasoak ere egunaren parte senti zitezen. Helburu hori buruan, ideia eta proposamen desberdinei bueltak ematen hasi ziren, proposamen guztiak borobildu eta horren emaitza izan zen Tranpazulo Eguna. Asteasuarrek duten tranpa-zale famagatik Tranpazulo bezala izendatu zuten eguna. Antolakuntzaren parte izan ziren Malen Maiz eta Irati Jauregi, Txosna Batzordeko kideak.

Herritar guztien neurrirako ekimenak

Adin guztietako herritarrak batzea helburu izanik, antolatutako ekimen guztiak edonorentzat irisgarriak izan zitezen moldatu zituzten, horrela, behar eta gaitasun guztietara egokitutako jarduerek ondu zuten eguna. 

Egunari hasiera emateko, bi mailatako mendi irteerak antolatu zituzten. Haur, gazte zein heldu batu ziren plazan mendira abiatzeko. Ibilbide luzea eta motza eskaini zituzten.

Duela pare bat hilabete auzolanean inguruak garbitu zituzten, guztira hiru ingurune txukunduz. Ibilbide luzean Larrauldik Zelatunerako bidea garbitu zuten; beste batean, Santa Marinara joan ziren; eta, azken ibilbidea, 2 Km-koa egin zuten. Ibilbide horiek oinarri hartuta, motzena baztertu, eta beste bi ibilbideak egitea proposatu zuten. Itzuli motzean 5 Km-ko bidea egin zuten, txikienek ere egiteko modukoa izan zedin. Ibilbide handia 16 Km-koa zen, eta bertan herriko kirol-zaleenak elkartu ziren, 7:30ean, goizean goiz mendirako bidea hartuta. 10:00etan ibilbide motzera animatu zirenen txanda izan zen. Bi itzuliak bukatuta, hamaiketakoa egin zuten plazan. 

Egunari jarraipena emateko, hamarnaka herritar bildu ziren pilotalekuan egin zuten bazkarian. Bapo janda egitaraua borobiltzeko, herriko elektrotxarangak giro bikaina jarri zuen pilotalekuan. Musikari ugarik osatutako taldea da, eskolako musika irakaslea zein herriko gazte eta gurasoek jantzitako taldea. Herrian estimu handia dioten taldea da, Asteasuko hainbat festa ere girotu izan dituena. Pilotalekuan elkartu ziren asteasuarrak dantzaraztea lortu zuten musikariek. 

Aurrena, baina ez azkena

Aurreneko edizioaren arrakasta eta herrian izandako harrera ona ikusita, antolatzaileek Tranpazulo Egun gehiago egotea espero dute, eta hurrengo urteei begira, parte-hartzea handitzea gustatuko litzaieke. Gazte Egunaren joera bera izatea nahiko lukete, lehenbiziko aldiz duela hiru urte antolatu zutenetik, gorakada bizitu baitu edizioz edizio.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!