Asteasuko errepidean lan ezberdinak egingo dituzte datozen hilabetetan. Dagoeneko hasi dira lehen mugimenduak, eta zenbait hilabetetan luzatuko dira eraberritze lanak. Alkizako bidegurutzearen inguruan ekin diete obrei. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, segurtasuna eta bidearen gaitasuna hobetzea dira lan hauen helburu nagusiak.
Alkizako bidegurutzea
Azaroaren 2an hasi zituzten Alkizako bidegurutzearen inguruko lanak. Biribilgunea eraikiko dute bertan, eta lanek 502.090,35 euroko aurrekontua izango dute. Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, hiru hilabetez luzatuko dira biribilgunea egiteko lanak eta, helburu bikoitza izango dute: Asteasuko errepidean barrena dabiltzan ibilgailuen abiadura murriztea eta, bidegurutzea segurtasunez bideratzea.
Olentzoko bidegurutzea
Helburu horri eutsita, Asteasuko errepidean bigarren biribilgune bat eraikitzea ere aurreikusten dute. Zizurkilgo Olentzoko bidegurutzean, hain zuzen GI-2631 eta GI-3281 errepideek bat egiten duten puntuan egingo dute eraldaketa. Urte amaieran hasiko dituzte obrak eta 495.815,49 euroko aurrekontua izango dute.
Dagoeneko esleituta daude lanak. Egunero 7.000 ibilgailu inguru igarotzen dira puntu horretatik eta, abiadura murriztea eta mugimenduak ordenatzea da helburua, herriguneko sarbidea (GI-3281) hobetzeaz gain 29. poligonorako bide-adar zuzena bermatuz. Bidegurutzean egingo dituzten lanez gain, beste hainbat eraldaketa ere aurreikusten ditu proiektuak: besteak beste, oinezkoentzako espaloiak, LED argiteria berria eta autobusetarako bi geraleku sortuko dituzte inguruan.
Errepidea zabaltzea
Zizurkil eta Alkizako bidegurutzearen artean errepidea zabaltzea ere aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Errepidearen 1,66 km zabalduko dituzte guztira. Orokorrean, zabalera 6m-tik 8m ingurura pasako da. Modu horretan, errail bakoitzak 3,5 metroko zabalera izango du eta bazterbideak 0,5 metrokoa. Horrez gain, Asteasuko industriagunerako sarrerak hobetuko dira. Sarrera-irteera errailak sortuko dituzte zenbait gunetan eta, Alkizako zein Olentzoko biribilguneek ere erraztu egingo dute industriaguneetarako joan-etorriak. Errepidea zabaltzeko proiektua idazketa fasean dago eta laster amaitzea aurreikusten du Foru Aldundiak. Hori horrela, datorren hilean jendaurrean jarriko lukete proiektua, datorren urtean lizitatu eta exekuzioa hasteko. Aipatu moduan, hainbat proiektu gauzatuko dira eremu horretan, guztiek helburua dute Zizurkil-Asteasu ardatzean dauden industri-jardueren komunikazioa hobetzea eta segurtasuna hobetzea. Lanak egiten dituzten bitartean baliteke trafikoan eragitea. Beraz, kontuz ibiltzeko gomendioa luzatu dute.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 703 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.