Apaizenganako errepresioa

Xabier Lasa 2018ko mai. 28a, 02:00

Hogei apaiz eta apaiz ohiek polizien eskuetan jasandako torturak kontatu dituzte "Apaizak ere torturatuak" liburuan. Felipe Izagirre urnietarra da testigantza emaileetako bat. Bi alditan torturatu zuten estatuko indar polizialek, frantziskotarra zela.

Zer adierazi nahi izan duzue "Apaizak ere torturatuak" liburuarekin?
Gorrotoa, mendekua eta antzeko sentimenduak ez ditugu transmititu nahi izan, hori hasteko. Bi mezu behintzat plazaratu nahi izan ditugu. Batetik, herri honetan torturatuak izan diren gainerako pertsonekin identifikatzen garela, apaizak ginenok ere torturatuak izan ginelako. Eta horrenbestez, Euskal Herrian giza eskubideen urraketen oroimenak, geure testigantza ere jaso beharko lukeela. Bestalde, Elizak jokatu duen papera ere mahairatu nahi izan dugu, 1936ko gerran eta gerraz geroztikako urteetan frankismoarekin eduki zuen inplikazioagatik.

Badago tortura kasuak izan direla ukatzen duenik...
Dena gezurtatzea izan da estatua eta torturatzaileak zabaltzen saiatu diren diskurtsoa, betidanik. ETArekin inongo zerikusirik ez geneukan apaizak eta kultur eragileak ere polizien biktima izan ginen. Apaizak jipoitzeko gai izan baziren, zer ez ote zuten egingo gainerako herritarrekin?.

Torturak ez ditu ezaugarri berberak hartu garai historiko ezberdinetan, baina sistematikoa izan da informazioa lortzeko ez ezik, atxilotuari min fisikoa eta psikologikoa eragiteko. Poliziak izan dira tortura aplikatu dutenak, baina klase politikoaren eta botere judizialaren konplizitatea eduki dute. Estatua izan da makinaria guztiaren azken erantzulea.  

Kontatzen duzunez, bi txandatan izan zinen torturatua.
Bai. Lehenbiziko aldia Eibarren izan zen, 1968an. Juan Mari Zulaika eta biok fraide frantziskotarrak ginen, baina ordurako Elizaren Jerarkiarekin konforme ez, eta abade langile gisa bizi ginen Eibarren. Ekainean, Txabi Etxeberrieta hil zuten Tolosan enfrentamendu armatuan, eta protesta ugari antolatu zen. Mezak ere antolatu ziren han-hemen, baina Eibarren guardia zibilak jendeari ez zion utzi elizara sartzen. Zulaika eta biok, jendartetik atera eta elizan sartzen saiatu ginen. Orduan ez gintuzten atxilotu, baina lehendik ere nahiko fitxatuta geundenez, gauean gure bila etorri ziren etxera. Kuartelean, inongo galdeketarik egin gabe, torturari ekin zioten. Igual hamar bat guardia azaltzen ziren, eta gorputzeko atal guztietan kolpeak eman ostean, alde egiten zuten; berehala, beste hamar bat azaltzen ziren, gauza berbera egiteko. Kolpe fisikoez gain, mehatxu eta irainak etengabeak izan ziren, “os vamos a matar” eta antzekoak, pistola buruan jarrita. Lehenbiziko bi egunak horrela joan ziren, eta hirugarrengoan deklaratzeko unea etorri zen.

Nik uste gorrotoa eta haserrea zeukatela Txabirekin eta edukitako enfrentamenduan guardia zibil bat hil zutela eta, eta barruak askatzeko erabili gintuztela.

Salatu zenuten jasandako tratua?
Hiru egunez Martuteneko kartzelako erizaintzan eduki gintuzten. Aske geratu ginenean, Luis Maria Bandres eta Miguel Castells abokatuek gorputz guztiko ubelduren argazkiak atera zizkiguten. Argazkiak Argaia Gipuzkoako gotzainari bidali zizkioten, baina “galdu” egin ziren.

Deskribatuko zenuke nolakoa izan zen bigarren aldiz sufritu zenuen tortura kasua?
1969an errepresioaren aurkako mugimenduan nebilen. Apirilaren 9an, Bilbon ETAko hainbat militante atxilotu zituzten: Onaindia, Abrisketa, Arana eta beste batzuk. Bertsio ofiziala gezurtatzeko bost pertsoneko taldea osatu genuen; maiatzaren 1ean propaganda zabaltzea zen gure asmoa. Egun batzuk lehenago, ordea, atxilotu eta apaizentzat antolatutako Zamorako kartzelan hilabeteko zigorra betetzera eraman ninduten. Aurreko urtetatik betetzeko neukan zigorra zen hura, egindako sermoi bat zela eta; txanda hartan Elizaren jerarkiak aukeran jarri zidan: Palentziara komentu batera, ala, isuna ordaintzea. Nik ez bata ez bestea erantzun nien, eta orduan, hilabeteko kartzela beste erremediorik ez zidaten utzi.

Zamoran hilabeteko zigorra betetzen ari nintzela, nire bila etorri ziren. Donostiako komisaldegira ekarri ninduten. Nonbait, propagandako taldekideak bezperan atxilotu egin zituzten. Eskuburdinak estu-estu jarri zizkidaten, eta hiru egun horrela pasa nituen. Zutik egon behar denbora guztian; erortzen nintzenean leher eginda, berriro altxarazten ninduten, kolpeka. Noizbehinka, galdeketarako, komisarioaren bulegora eramaten ninduten; atzean kolpatzen ninduten bi polizia jartzen zitzaizkidan, eta aurrean komisarioa eserita. Gustoko erantzunak ez zituenean entzuten, altxatu eta ukalbikadak ematen zizkidan komisarioak.  
Azkenean Martutenera eraman ninduten. Lasanta epaile instruktore militarraren aurretik pasa behar izan nuen eskumuturrak odolez neuzkala, eta “Bandidaje y terrorismo”ko legea aplikatu zidaten.

{{IMG-40895}}

Epaitu al zintuzten?
Bai, abuztuan bertan, Burgosen. Fiskalak hogei urteko zigorra eskatu zuen, eta azkenean hamarrera jaitsi zidaten. Bandres abokatuak esan zidan “te has librado de buena”; nonbait, egundoko garaipena izan zen murrizketa, orduko zigorren gehiegikeriak ikusita. Zigorraren lehen hiru urteak Zamorako kartzelan bete nituen, eta besteak Jaen, Soria eta Segoviako kartzelatan. 1975eko azaroan utzi ninduten aske, Franco hil eta berehalaxe.

Elizarekin oso kritiko azaltzen zarate liburuan.
Francok Vaticanoarekin sinatu zuen Konkordatoaren ondorioz, Zamoran kartzela berezia ireki zuten 1968an, apaiza errebeldeak han biltzeko. Elizak kolaboratu egin zuen diktadurarekin.

Frantziskotarrek euskaltzaleen sona eduki izan dute...
Tartean euskaltzaleak izan direla, hori ezin da ukatu. Baina zuri beltzezko historia da Arantzazuko fraideena. Arantzazun egin nituen urteetan gaztelania zen klaseetako hizkuntza ofiziala. Jatorduetan, mezetan, irakurketetan... dena gaztelaniaz izaten zen. Euskara ez zen existitzen hizkuntza bezala.   
Errepresioa jasan nuen urteetan nirekin gaizki jokatu zutela esango nuke, ez nuen inongo gertutasunik sentitu.

Zergatik erabaki zenuen ez zenuela fraide izaten jarraitu nahi?
Kontzientzia hartze baten eboluzio pertsonala izan zen. 15 urterekin, Urnietako bizitza utzi eta Arantzazuko seminariora joan nintzen. Han ikasketak egin ondoren, Bilbora komentu batera destinatu ninduten 1964an, eta beste mundu bat ezagutu nuen. Errealitatea, alegia: diktadura, Elizak diktadurarekin zeukan konplizitatea, diktaduraren aurkako borroka klandestinoa... 36ko gerratik zetorren jende euskaltzale eta nazionalistarekin egin nituen harremanak, eta konpromiso soziala eta politikoa hartzen joan nintzen.

Deseroso nintzen batzuentzat, eta handik bidali egin ninduten, Bermeora. 1966an Lege Organikoaren aldeko erreferenduma antolatu zuen Francok, diktadura berresteko asmoz. Beteta zegoen elizan adierazi nuen botoa emateko garaian gogoan hartzeko nortzuk bonbardatu zuten Gernika. Ikaragarrizko mehatxuak jaso nituen, eta kuartelean ere salaketak jarri zituzten nire aurka.

Bermeon ere denbora askorik ez zenuen iraun...
Kuriosoa izan zen. Nora bidaliko, eta Granadako kuartel militarrera, apaiz kastrense izateko! Egun seinalatu batean, meza nagusian, zeresan handia eman zuen sermoia egin nuen; justizia eta askatasuna oinarri zituen Juan XXIII.aren entziklika aipatu nuen, ejertzitoko desberdintasun jerarkikoak eta soldadu askoren pobrezia salatuz. Meza bukatu bezain pronto, zenbait ofizial nigana hurbidu, eta epelak entzun behar izan nituen; fusilatzea merezi nuela eta antzekoak. Baza herrira hilabete baterako desterratu ninduten, eta ondoren aukeran jarri zidaten: Valladolid ala Amerika. Frankismoaren aurkako konpromisoarekin segi nahi nuenez, Valladolid hautatu nuen. Hango fraideak frankista hutsak ziren. Ez nuen han denbora asko egin. Hura utzi eta Eibarrera joatea erabaki nuen.

Jakin al liteke Urnieta bezalako herri bateko gaztetxo batek zer dela eta hartu zezakeen fraide izateko aukera hori?
Adarramendipekoak nituen gurasoak, baserritarrak. Aita Enbutegin jaioa, ama Oiarbiden. Gaztelara emigratu behar izan zuten bizimodua ateratzeko, eta neu Avilan jaio nintzen. Nolanahi ere, seme-alabak hartu eta Urnietara itzuli zen familia. Herrigunean bizitzen jarri ginen, hilabete gutxiko haurra nintzela. Eskolan oso azkarra nintzen, eta meza-mutila nintzen. Arantzazu eta bertako fraideen bizimodua idealizatu egin nuen, eta etorkizuna ere ez zenez oso argi ikusten inorentzat, harako bidea hartu nuen 15 urterekin. Nork bere sikoanalisia egin beharko luke; nik egina daukat, eta iruditzen zait elizarengan proiektatu nuela 11 urte nituela ama hil izanak eragin zidan hutsunea.

Arantzazun ikastea pribilegiatu batzuren kontua zen. Formazio akademiko handia jaso genuen, baina aldi berean, moralaren alorrean aberrazio hutsa izan zen han transmititu zitzaiguna, dena bizitzen baitzen erruduntasunaren sentimenduarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!