Migel Goikoetxea, futbol jokalari ohia

Erabiltzailearen aurpegia
Andoaingo Euskalduna futbol taldean hasi zen Migel Goikoetxea futbolean jokatzen. Aurrelari postuan aritzen zen eta gol mordoa lortu zuen Logroñes, Betis, Alaves, Melilla, Rabat eta Murtzia taldeetan. Bere kirol ibilbidearen inguruko azalpenak eman ditu.
Noiz eta non hasi zinen futbolean jokatzen?
Andoaingo Euskalduna futbol taldean hasi nintzen, jubenil mailan. Aurrelari moduan hasi, eta postu berean aritu nintzen nire kirol ibilbide osoan zehar. Bederatzi edo hamar zenbakia izaten nuen beti bizkarrean. Oraindik jubenil mailako jokalaria nintzenean, hirugarren mailan ari zen taldean jokatu nuen urtebetez eta hortik, profesional mailako futbolera pasa nintzen Logroñes taldean.

Nolako oroitzapenak dituzu Euskalduna futbol taldearen inguruan?
Oso oroitzapen onak ditut. Pablo Etxebeste zen lehendakaria eta Joxe Kalparsoro lehendakariorde. Lan handia egin zuten taldearen alde. Nire iritziz, Joxe Kalparsorok egindako lanari esker lortu du Euskalduna taldeak gaur egun arte irautea. Oso talde polita osatzen genuen. Astearte, asteazken eta ostiraletan izaten genituen entrenamenduak. Arratsaldeko 19:00etan biltzen ginen Etxeberrietako zelaian eta lan-saioa egin ondoren, Loidi tabernara joaten ginen zerbait edan eta bokadilloa jatera. Gure bigarren etxea bezalakoa zen Loidi taberna.
Bitxikeria bezala, gogoan dut Ordizian jokatutako partida baten ondoren autobusean etxera gentozela, autobusa nola Tolosan geratu zen. Inauteriak ziren eta entrenatzaileak bertan geratzeko aukera eman zigun. Egun eta erdi pasa genituen Tolosan parrandan, giro ederrean.

Logroñes taldean hasi zinen jokalari profesional moduan. Nolakoak izan ziren lehen urte haiek?
Euskalduna taldetik Logroñeserako jauzia handia izan zen, baina ondo moldatu nintzen. Garai hartako Euskalduna oso talde indartsua zen, jokalari on asko zituen eta haietako asko profesional mailan aritu ginen gero; Corcuera Realean, Artola atezaina Realean eta Bartzelonan, Lasa Bilbon, Arrieta Betisen eta Santanderren...
Kirol mailan ez ezik, maila pertsonalean ere jauzi handi samarra izan zen niretzat. Hemezortzi urte bete berriak nituen eta bat-batean gurasoen etxea utzi eta Logroñora joatea gogorra egin zitzaidan hasieran, nahiz eta segituan ohitu nintzen.

Zein oroitzapen dituzu Logroñesen egindako urte haietaz?
Oso urte onak izan ziren. Taldea bigarren mailatik lehenengo mailara igotzea lortu genuen eta hura izugarria izan zen. Jendearen poza, ospakizunak..., oso polita izan zen hura guztia. Autobusean zeharkatu genuen hiria eta jendearen harrera izugarri izan zen. Kirol mailan egindako lorpenik handienetakoa han bertan lortu nuen: izan ere bigarren mailako goleatzailerik onena izatea lortu nuen hogeita lau gol sartuta.

Lehen mailako Betis taldean ere aritu zinen...
Bi denboraldi egin nituen han, lehen mailako taldean. Hasiera oso gogorra izan zen, eguraldiagatik. Berrogei eta berrogeita bost graduko beroarekin entrenatzera joan beharra izugarria egiten zitzaidan. Goizeko 11:00tan eta arratsaldeko 18:00etan izaten genituen entrenamenduak eta ia jasanezina egiten zitzaidan bero harekin ariketa fisikoa egitea. Taldearekin nuen kontratua hausten ere saiatu nintzen, gogorregia egiten zitzaidalako. Taldeak, ordea, ez zuen kontratua eten nahi izan eta han jarraitu nuen. Azkenerako, hango eguraldira ohitu ere egin nintzen.
Bestalde, oso jende jatorra topatu nuen Sevillan. Oso irekiak dira eta noiznahi gonbidatzen ninduten baten edo besteren etxera joatera. Zaletuek ere harreman berezia dute taldearekin.

Betis lehen mailako taldea izanik, Realaren aurka jokatzea egokituko zitzaizun. Nola gogoratzen duzu?
Gogoan dut Reala Sevillara etorri zen egunean bero handia egiten zuela. Garai hartan, Esnaola andoaindarra zen Realeko atezaina eta partidaren aurretik, behin baino gehiagotan esan zidan eguraldi hura jasanezina zela, han ez zegoela egoterik. Gauzak nola diren; hurrengo denboraldian Betisek fitxatu zuen Esnaola eta gaur egun han ari da oraindik lanean, atezainen entrenatzaile gisa.

Alaves taldean ere aritu zinen. Zer moduz?
Huraxe izango zen nire kirol bizitzako denboraldirik zailena. Bigarren mailan zegoen taldea eta mailaz igotzea zen denboraldi hartako helburu nagusia. Ahalmen ekonomiko handia zuen Alavesek eta hamar jokalari fitxatu zituen, mailaz igotzeko asmoz. Ahalegina, ordea, ez zen batere ondo atera. Kirol emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan eta talde barneko giroa ere gaiztotzen joan zen. Eizagirre zen taldeko entrenatzaile eta berak ekarritako jokalariei komisioa eskatzen ziela zabaldu zen. Zurrumurru horrek oso giro txarra sortu zuen taldean.

Alaves taldetik Melillara joan zinen...
Melilla bigarren mailako taldea zen eta gustura ibili nintzen. Itsasontziz makina bat bidaia egin beharra izan nuen garai hartan. Gauez itsasontzia hartu eta zortzi orduko bidaia egin ondoren Malagara iristen ginen. Goizean autobusa hartuta joaten ginen partida jokatu beharreko tokira.

Maroko ezagutzeko aukera ere eman dizu futbolak. Zer moduzko esperientzia izan zen hura?

Marokon, Rabaten egon nintzen denboraldi batez. Futbol mailan urte ona izan zen eta eguneroko bizitza oso ezberdina bazen ere, ondo moldatu nintzen. Hemen inguruko beste bi jokalari gehiago ere bazeuden eta horrek asko laguntzen du. 1975 urtea zen eta ‘Marcha Verde’ famatuak han harrapatu gintuen. Tankeak ikusi genituen Rabateko kaleetan eta beldur pixka bat ere pasa genuen. Azkenean, ordea, ez zen ezer larririk gertatu eta lasaitasuna nagusitu zen Rabaten. Etxekoentzat ere ez ziren egun errazak izan haiek. Gainerakoan, Tetuan edota Casablanca hiriak ezagutzeko aukera ere izan nuen eta liluratuta geratu nintzen.

Etxekoak aipatu dituzu. Zer esaten zizuten zure lanbidearen inguruan?
Azken urteetan etxera itzultzeko eskatzen zidaten. Aita zen horretan gehien saiatzen zena. Murtziako denboraldiaren ondoren, futbola utzi eta etxera itzuli nintzen. Bestalde, gaur egun nire emaztea dena andregaia nuen orduan, eta makina bat joan-etorri egin zituen, bisita egiteko. Gainerakoan, telefonoz mantentzen nuen etxekoekin harremana.

Realarekin eta Bilboko Athletic taldearekin ere harremanak izan zenituen...
Bai, baina ez ginen akordio ekonomikora iritsi eta beste aukera batzuk begiratzea erabaki nuen. Euskalduna taldeko jokalari nintzenean, Realeko Exposito etortzen zen etxera, Realaren eskaintza egitera. Niregan interes handia zutela esaten zidaten, baina nahiko jarrera itxia zutela iruditu zitzaidan eta asko pentsatu ondoren, ezezkoa eman nien. Garai hartako Realean diru gehiago ordaintzen zieten kanpotik zetoztenei etxeko jokalariei baino. Asko gustatuko zitzaidakeen Realean jokatzea, baina ez zen posible izan.

Asko aldatu al da futbola zu jokalari izan zinenetik?
Bai. Ekonomikoki aldaketa izugarria izan du; gaur egungo jokalariek guk baino askoz ere diru kopuru handiagoak irabazten dituzte. Hala ere, gure garaian ere diru gehiago irabazten zen futbolean beste edozein lanetan baino.

Murtzian jokatu zenuen azken partida. Ondoren, izan al duzu harremanik futbol munduarekin?
Murtzian maleta egin eta etxera etorrita, alde batera geratu zen futbola. Euskalduna eta Realaren partidak jarraitzen ditut, baina nire ibilbide profesionala ez da futbol bidetik joan. Gasteizen entrenatzaile karneta ateratzeko aukera izan nuen eta hasi ere egin nintzen, baina aukera hura alde batera utzi eta etxera itzultzea erabaki nuen.

Zer eman dizu futbolak?
Jende eta toki asko ezagutzeko aukera eman zidan. Geroztik, harremana izaten jarraitu dut urte haietan ezagututako jende askorekin. Oso aberasgarria izan da niretzat futbola. Horrez gain, zorte handia izan nuen ez nuelako lesio larririk izan. Horrenbeste urtetan jokatu ondoren, txonkatileko bihurrituren bat eta zauriren bat edo beste, besterik ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!