Begira gaude

Alba Cabrera Jauregi 2018ko mai. 7a, 02:00

Begiratua izatearen beldur irrazionalari eskopofobia deritzo. Bigarren plano batetik atera eta protagonistaren papera emateak jende asko urduritzen du. Eskuak izerdiz busti, bihotz taupadak azkartu, eztarria sikatu eta ahots kordak dantzan ipintzen ditu, munduaren zilborra norbera dela sentitzean.

Nire herrian eskopofobia gaixotasun endemikoa bihurtu da, etengabe gure kolkora begi batzuk itsatsirik daudela sumatzen baitugu, gogoz kontra herritar guztiak protagonista bilakatuz.

Horiek lorik egin ez arren nekatzen ez diren begiak dira, malkorik isurtzen ez dutenak. Egunean nahiz gaueko iluntasunean arazorik gabe ikusten dutenak. Zer ikusi eta zer ez aukeratzen dutenak eta ikusten duten hori luzaroan memorian gordeta edukitzen dutenak. Mugimendu errepikakorrak eginez gainetik begiratzen dutenak. Batzuen aginduak betetzen dituztenak eta beste askoren jo-muga direnak.

“Kameraz josita daude kaleak, halakorik ez galdeketetan…”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!